Udal gimnasioan hobekuntza lanak egingo ditu Sukarrietako Udalak
Batetik, yoga aretoko behegaina konponduko dute; eta, bestetik, makineria berrituko dute.
Sukarrietako Udalak hobekuntza lanak egingo ditu udaletxeko eraikinaren baitan kokatuta dagoen udal gimnasioan. Batetik, yoga egiteko erabiltzen duten aretoko behegaina konpontzeko lanak egingo dituzte; 4.491,30 euroko aurrekontua daukate lanotarako, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dute horretarako.
Yoga aretoan, hain zuzen ere, behegain teknikoa jarriko dutela azaldu dute: “Erabiltzaileek hotza izaten dute, eta yoga egiteko berariazko behegain teknikoajarriko da”.
Bestetik, gimnasioko makineria berritzeko asmoa agertu dute, “nahiz eta pentsatu baino gehiago luzatzen ari den”. Gimnasioak makina “zaharrak” ditu: “Udal gimnasio baterako makineria barik, etxerako makineria ematen du. Lau makina aldatuko ditugu eta pesa berriak ere ekarriko ditugu. Udalean gure aurretik zeuden talde independentekoek korrika egiteko makina ordainduko dute, aurreko jarduerarako zeukaten dirua erabilita”.
Udaletxean eskatu beharreko txartel baten bidez sartu daitezke sukarrietarrak udal gimnasiora, eta kopurua ez dakiten arren, “herritar ugarik” erabiltzen dutela diote.