Makroproiektuari "ez eta ez"
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak datorren zapatuan [urriak 28] Gernika-Lumon egingo duten manifestazio zaratatsurako deialdia luzatu du. 18:00etan hasiko da, Pasealekuan.
Guggenheim Urdaibai Stop plataforma osatzen duten eragileak Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian elkartu dira gaur [urriak 23], datorren zapatuan [urriak 28] Gernika-Lumon egingo duten manifestazio zaratatsurako deialdi publikoa egiteko asmoz. Plataformako kideek gernika-lumotarrei, eskualdeko herritarrei nahiz “Busturialdea maite duten guztiei” kalera jotzeko deia luzatu diete. Manifestazio zaratatsuak jomuga argi eta garbia edukiko du: “Guggenheim Fundazioak Busturialdean inposatu gura duen makroproiektuari ez eta ez ozen esatea”. Manifestazioa Pasealekuan abiatuko dute, 18:00etan. Egun horretan Astelehentxutxu izango denez eta Urriko Azken Astelehena hurre egongo denez, bertaratzen direnei garraio publikoa baliatzeko eskatu diete plataformakoek.
Egitasmoa aurrera eroateko, fundazioak Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta espainiar estatuko gobernua “atzean” dituela argituta, Urdaibaiko Guggenheim “guztion onura kontuan hartu barik” ezarriko dutela argudiatu dute kideek eta, horrenbestez, “guztien beharra” dagoela zapatuko manifestaziorako. Museo proiektuak XXI. mendeak eskatzen duen herritarren esku hartzeagaz “ezelako loturarik” ez duela azalduta, plataformako partaideek adierazi dute Biosfera Erreserbaren “planifikazio eta ordenamenduagaz” ere ez daukala inongo zerikusi errealik: “Diseinatzen ari diren proiektuak askoz presio handiagoa eragingo du babes bereziko eremuetan, eta espazio horien zaurgarritasuna larriagotuko du“. Alor ekologikotik harago, gobernantza molde “eredugarria” aplikatu beharra nabarmendu dute agerraldian: “Gure eskualdearentzat nahi duguna herritarren parte hartze zuzenaren bitartez eta guztiz demokratikoki erabaki behar dugu, eta ez zatika eta hedabide jakin batzuen bidez plazaratu den proiektua betearaziz”.
“Turismo azpiegitura erraldoiak behar pribatu bati soilik erantzuten dio”
Parte hartze prozesu hori martxan ipini artean, erakunde publikoek padurak eta gainontzeko guneak babestu beharko lituzketela adierazi dute, “gune babestuok jendez bete beharrean”: “Ekosistema horiek lehengoratzen eta kontserbatzen egon beharko lirateke; horixe da Europako, espainiar estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lege eta araudiek diotena. Horixe da zentzuz jokatzeak dakarren ardura”. Turismo azpiegitura erraldoiak “behar pribatu bati soilik” erantzuten diola eta, era berean, jasangarritasunerako desiragarriak diren gobernantzekin “bat ez datorrela” azalduta, herritarrei plataformarekiko atxikimenduagaz jarraitzeko eskatu diete. Gaurko agerraldian, hain zuzen ere, orain arte babesa emandakoen zerrenda plazaratu dute. Ehunka eragilez osatuta dago zerrenda, kultur, gizarte eta politika alorreko talde eta pertsonekin. Hain zuzen, EH Bildu, Ahal Dugu/Podemos, Guzan eta Herritar Alternatiba atxiki dira zerrendara. Kultur alorrekoei dagokienez, besteak beste, XSakara, Julen Urdaibai, Uxue Alberdi, Lilibertso, Arrolape, Asel Luzarraga, Eñaut Elorrieta, Itziar Ituño, Haimar Arejita edota Pello Bilbao daude.