Asteburuan iritsiko da Bermeora euskaraz barra-barraren ihes-gela ibiltaria
Hogei taldek jolasteko aukera izango dute; aldez aurretik izena eman behar da.
Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sustatu du Eusko Jaurlaritzak 17. logela izeneko ihes-gela ibiltaria. “Euskaratik eta euskaraz” sortutako ihes-gelaren helburua da, “aisia euskaraz gozatzea bermatuko duen formatu erakargarri bat eskaintzea, kanpaina elikatzearekin batera”. Urriaren lehenengo asteburuagaz batera hasi ziren herriz herri geldialdiak egiten, eta urtea amaitu bitartean hamahiru herri zeharkatuko ditu ihes-gela ibiltariak. Datorren asteburuan [urriak 27-29] Bermeon egongo da, Lameran egingo du geldialdia.
Hiru eguneko geldialdiak egiten dituzte herrietan: barikua, 16:00etatik 21:00etara, eta zapatu eta domekan, 10:00etatik 21:00etara. Herri bakoitzeko hogei txanda daude –baita Bermeon ere–; saio bakoitzean gehienez bost lagunek parte hartu dezakete, “espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko”.
Saio bakoitza 40 minutukoa da, eta denbora tarte horretan ihes-gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat ematen da jokoa. 16 urtetik gora, euskara ulertu edota berba egiteko gai den edonork, mugarik gabe parte hartu dezake ihes-gelan. “Gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatuta daukate”.
Doako esperientzia bada ere, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, esteka honen bitartez: euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela/#erreserba-egin.
Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan euskaraz berba egiteko guneak identifikatzeko sortu da Euskaraz barra-barra: “Kontsumitzailea erdigunean jarri eta espazioak identifikatuko ditu euskara egunero eroso eta lasai erabili ahal izateko eta bizipen eroso eta positiboak bizitzeko”.