Europan, puntu bakoitza, altxor
Lointek Gernika Bizkaiak ozta-ozta galdu du, 69-70ekoagaz, Lattes Montpellierren kontra, Malosten jokatutako EuroCup Womeneko lehendabiziko partiduan. Bihar [urriak 21], Valencia Basketen kontra jokatuko du Lucas Fernandezen taldeak, hori ere etxean.
Atzokoa [urriak 19] ahazteko gau gaitza izan zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Puntu bakarreko aldeagatik, 69-70ko markagailuagaz, galdu zuen 2023/2024ko EuroCup Women txapelketako lehendabiziko jardunaldiko partidua, Lattes Montpellierren aurka. Norgehiagokako lehenengo txanpatik argi eta garbi geratu zen talde frantziarra menpean hartzea ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula izango: arerioak bizkor azaldu ziren, barrualdeko joko estatiko zurrunagaz, eta Kyara Linskens belgikarraren nahiz Mamignan Touré frantziarraren erasoaldi mehatxuekin. Lehen bost minutuetan, 7-16koagaz, Lucas Fernandezek estreinako hutsartea eskatu behar izan zuen.
Gernikaren aldetik, lehen minutuetan partiduaren mailari eutsi zietenak Sara Madera italiarra eta Laia Flores kataluniarra izan ziren. Irregularrago aritu zen, baina, Grace Berger estatubatuarra. Partidu gogorrek dakartzaten eskakizun guztiekin, 33-42koagaz joan ziren atsedenaldira, lehen laurdenari 15-21ko markagailuagaz eutsi ondoren. Aldageletatik bueltatzerakoan, Lointekek abian ipini zuen partidua iraultzeko bere plana: Crystal Bradford, Sofia Da Silva eta Marie-Michelle Milapie kantxaratuz, min egiten saiatzea. Estrategiak fruitua eman zuen: Bradfordek bere nagusitasun fisikoa plazaratu zuen, aurkariaren barrualdeko jokoan eraginez. Madera eta Milapie, ostera, Valery Demoryren amesgaizto bihurtu ziren. Gernika-lumotarrek ezin izan zuten, baina, Linskensegaz. Lehenengo, uztaipetik; jarraian, hiruko jaurtiketa bidez. Belgikarrak egundoko maila erakutsi zuen.
60-56 eta 69-67 aurretik joan arren, bost segundoren faltan 69-70koagaz aurreratu zuen Lattes Montpellier Mamignan Tourék
Azken zatian, Rosó Buch kataluniarrak eta Itziar Ariztimuño bilbotarrak Ameryst Alston estatubatuarra menperatu zuten, eta Bradfordek ez zuen jaitsi bere intentsitate ezartzeko eta aurkaria kontrol gunetik ateratzeko maila. Malosteko taldearen egitekoa argia zen: kantxa osoan presioa egitea eta, horrezgaz batera, zonako defentsa baliatuz frantziarrengan zalantzak ernaltzea. Oraindik bazegoen partidurik aurretik. Gabby Nikitinaite lituaniarrak hiruko bi saskiratu zituen, etxeko taldea markagailuan aurreratuz: 60-56. Tourék, baina, bereak egin zituen berriro: bost minuturen faltan, 62ko berdinketa ezarri zuen.
69-67 aurreratu ahal izan ziren arren, frantziarra izan zen, berriz ere, azken bozina hotserako bost segundo eskasen faltan hirukoa saskira bidali zuena. Malosteko harmailak mututu egin ziren 69-70ekoagaz. Fernandezek azkenengo hutsartea eskatu zuen; Bradfordek hirukoa bilatu zuen; biek ala biek kale egin zuten. Europan, puntu bakarra altxor izan daiteke. EuroCup Women bide mingarritik hasi dute, beraz, gernika-lumotarrek.
Valencia Basketek Europan garaipen bi eta porrot bakarra jaso ditu gaur-gaurkoz, eta Lugoren aurka 102-41 nagusitzetik dator
Bigarren azterketa etxean. Atsedenerako tarte barik, Gernikak Valencia Basketen kontra jokatuko du bihar [urriak 21] Emakumezkoen Endesa Ligako laugarren jardunaldiko partidua. Bigarren neurketa izango da 48 ordutan, bigarrena Malosten, eta goi mailako aurkaria edukiko dute aurrez aurre. Valentziarrek azken urteotako denboraldi hasierarik onena egin dute aurten. Horren erakusle Lugoren aurkako azken partiduan poltsikoratu zuten emaitza: 102-41.