"Eremu denetan lehiakor aritzeko, atzetik dagoen lana izugarrizkoa da"
Orain arte inork egin ez duena lortu du Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarrak: denboraldi bakarrean, Euskadiko Txapelketa irabazi du distantzia guztietako duatloietan eta triatloietan.
Marka denak, apurtuta. Euskadiko Txapelketako historia, berridatzita. Esprint eta olinpiko distantzietako duatloi eta triatloiak, drafting-ik gabeko triatloi olinpikoa, taldekako erlojupeko duatloia eta taldekako errelebokako duatloia. Guztira, zazpi Euskadiko Txapelketa poltsikoratuta. Hobetu ezinezko lehiaketa urtea izan da Joanes Goitisolo Otazuarentzat; gernika-lumotarrak orain arte duatloietan eta triatloietan inork egin ez duena lortu du aurten.
Ez dakit urte hasieran Euskadiko Txapelketen errekorra lortzea buruan ote zenuen.
Ez, inondik inora ere ez. Duatloi eta triatloi denboraldia sendo eta erregular egitea planteatu nuen denboraldi hasieran eta, jakina, txapelketetan maila onean egotea. Hortik denak urte berean irabaztera, baina, urrats esanguratsua dago tartean.
Zein balio ematen diozu lorpenari?
Berezia da, jakin baitakizu zuk orduko beste inork ere ezin izan duela egin. Horrek, beharbada, bertigo apur bat ere ematen dizu. Izan ere, distantzia edota modalitate jakin batzuetan espezializatutako jendea betidanik egon izan da, baina askoz gutxiago dira maila denetan goiko kotan aritu diren atletak.
“Aurten, maiatzean eta ekainean eduki nuen sasoi punturik onena, baina zenbakiak lagun izan ditut urte osoan”
Eremu denetan lehiakor izatea prestakuntza espezifikoaren fruitua izango da, ezta?
Bai. Atzetik dagoen lana izugarrizkoa da. Edozelan ere, proba asko lehiatzea sasoiko mantentzen laguntzeko baliagarria da: duatloi eta triatloi egutegia otsailetik urrira bitartekoa da, beraz, urte osoan erregularra izateko benetan egokia. Aurten, maiatzean eta ekainean eduki nuen sasoi punturik onena, baina zenbakiak lagun izan ditut urte osoan; datuek erakusten zidaten uneoro maila oso onean nengoela. Gainera, eragin handia eduki du gaixotasunik zein lesiorik eduki ez izanak.
Aipatu duzun urte sasoi horretan, esprint modalitateko Euskadiko Triatloi Txapelketa lehiatu zenuen, etxe alboan.
Bai, Lekeition. Egun berezia izan zen niretzat. Proba horrek berez eduki ohi duen maila handiari beste faktore bat gehitu zitzaion: astebete lehenago kolpe handia hartu nuen, eta fisikoki mugatuta ailegatu nintzen. Triatloia orduko astean, fisioterapeutekin gogor lan egin behar izan nuen, ezin bainuen korrika egin. Ezjakintasunez abiatu nuen lasterketa, batez ere, azken trantsizioari, korrikaldiari, begira. Azkenean, proba bikaina egin nuen, eta lasterkaldiko azken kilometrora errentagaz ailegatu nintzen. Azken kilometro hori zeharo hunkigarria izan zen: gozatuz korrika egin ahal izan nuen, oso minberatuta egon arren.
Donostiakoa ere ez duzu bereharalakoan ahaztuko.
Ez horixe. Lasterketa horretan nazioarteko maila egoten da: atzerritar ugari bertaratzen dira. Aurten, ez nuen proba irabazi, baina lehen euskalduna izan nintzen. Hori ere egun oso hunkigarria izan zen nire ibilbidean.
“Betidanik igerilaria izan ez den atleta batentzat, trantsizio hori beti da gaitza; behin heldua izanda, uretan abilezia lortzea zaila da”
Oraindik uste al duzu igeriketa Akilesen orpo duzula?
Bai. Gogor lan egin behar izan dut azken urteotan, eta egundoko hobekuntza eduki dut. Betidanik igerilaria izan ez den atleta batentzat, trantsizio hori beti da gaitza; behin heldua izanda, uretan abilezia lortzea zaila da. Zorionez, igerilari talde bategaz entrenatzeko aukera dut, eta hori gako da hobekuntzari begira. Aurten urrats handia egin dut, baina jakin badakit oraindik lan pila bat egin behar dudala.
Behin eta berriro aipatzen dituzu eguneroko lanean lagun dituzun kideak.
Hil ala bizikoak dira niretzat. Kosnoagako kideak, Roberto Flores, Pello Bilbao eta Jon Barrenetxea moduko goi mailako txirrindulariak… horiekin denekin entrenatzeak erritmo puntu erantsi bat, sufritzeko gaitasuna eta prestakuntzarako motibazioa ematen dizkit.
Euskadiko Txapelketetan, bestalde, bizikleta gainean egin dituzu alderik handienak.
Bai. Triatloi munduan, txirrindularitzarako maila dezente handia dudalakoan nago. Lasterketa askotan galerak murrizteko edo aldeak areagotzeko balio izan dit ziklismoko trantsizioak. Batez ere, nire gorputza gai da bizkor lasterka egiteko, bizikleta gainean esfortzu maximoa egin ostean. Esparru horretan ikusten dut aldeak egiteko aukerarik aproposena, atleta asko ez baitira gai bizikletatik jaitsi eta topera korrika egiten hasteko.
Eboluziorik igarri al duzu lehiaketan azken urteotan?
Materialari dagokionez, adibidez, bai. Duela zenbait urte, zapatila minimalistekin lehiatzea bilatzen zen; orain, ostera, amortiguazioa eta abiadura uztartzen dituzte zapatilek. Zer esanik ez, bizikleten kasuan: teknologiak bere aurrerapen bidea egin du.
“Hurrengo urtean ironman erdi bi egitea dut buruan”
Distantzia luzeko lasterketetan edo ultradistantzian saiatzeko tentaziorik ba al duzu?
Hurrengo urtean ironman erdi bi egitea dut buruan: bata, Zarauzko Triatloia; bestea, Espainiako Txapelketa. Arreta deitzen dit distantzia horrek, eta egungo prestakuntzagaz ondo egin dezakedala uste dut. Dena dela, ez dut uste horretarako prestaketa espezifikorik egingo dudanik.
Hurrengo denboraldiari begira, bestelako probarik geratu zaizu begiz jota?
Aurten, egutegi aldetik, gura izan ditudan lasterketak lehiatu ditut. Zentzu horretan, taldeak zabal-zabalik utzi dizkit bilatzen nituen ate guztiak. Horrez gain, proba ia denetan aseta amaitu dut. Valladoliden, Espainiako txapelketa lehiatu nuenean, esate baterako, zazpigarrena izan nintzen, baina laugarren sailkatuak hiru segundo besterik ez zizkidan atera; postu horretatik atzerakoak esprintean helmugaratu ginen. Aitortzen dut arantza txiki bat sartuta geratu zitzaidala, baina, oro har, aurtengo egutegiagaz oso gustura geratu naiz.
Zelan uztartzen dira lana eta goi mailako kirola?
Ogibide aldetik, erraztasun guztiak ematen dizkidate; oso eskertuta nago. Bi edo hiru entrenamendu saio egiten ditut egunean eta, hortaz, antolakuntza aldetik autodidakta izan behar naiz nahitaez. Badira bereziki nekezak diren egunak, baina sinistuta nago lan gogorrak beti dakarrela saria atzetik.
“Bost urte daramatzat Alusigma taldean, eta denbora hori guztia bada zerbaiten erakusle: pozarren nago bertan”
Alusigma taldea, bestalde, dominatzaile agertu da aurten.
Lehen mailako taldea da, handienetako bat. Bost urte daramatzat taldean, eta denbora hori guztia bada zerbaiten erakusle: pozarren nago bertan. Lehiaketan inoiz lagunik ez dagoen arren, handik kanpo, giro paregabea dugu kideok, eta lantaldeak ñabardura guztiei jaramon egiten die. Hurrengo urtean eurekin segitzea proposatu didate, eta nik neuk ere ez dut ikusten neure burua beste etxe batean.
Eskualde mailan, duatloia eta triatloia osasuntsu al daude?
Afizio aldetik, bai. Geroz eta gazte gehiago hasten dira duatloi eta triatloietan. Duela zenbait urte, Gernika-Lumon, esku bategaz kontatu zitekeen fitxa kopurua; egun, hogeitik gora daude. Hori polita da. Esparru instituzionalari helduta, baina, Euskal Herrian tradizio handiko proba asko galdu egin dira; hutsuneak ikusten ditut. Lasterketek zirkulazioa moztea edo boluntarioak bermatzea eskatzen dute; toki askotan, ez daude prest horiek ziurtatzeko edo ez dituzte topatzen behar diren baliabideak.