Mus txapelketa solidarioa prestatu du Harriz Herri Kolektiboak
Harriz Herri kolektiboak elkartasunezko Mus Txapelketa antolatu du etzirako, Mbogolo herrixkan (Kenya) eskola bat eraikitzeko eta hezkuntzarako eskubidea bermatzeko eskolarik gabeko landa gune horretan bizi direnei.
Mbogolo herrixkan (Kenya) eskola bat sortu eta eraikitzeko lanean ari dira Harriz Herri Kolektiboa eta Kenyako Mafanikio GKE. Hezkuntza eskubidea bermatu gura diete eskolarik gabeko landa gune horretan bizi diren gaztetxoei, eta proiektu hori bultzatzen jarraitzeko elkartasunezko Mus Txapelketa antolatu dute Gernika-Lumon.
Inguruetako mus jokalariei zein bizilagunek txapelketan parte hartzeko deia egin diete, eta Astran jarri dute hitzordua etzi, 16:30ean. Bikote bakoitzak 10 euroko ekarpena egin beharko du izena ematerakoan, eta azken hori momentuan bertan edota hurrengo telefono zenbakira whatsapp bat bidalita egin daiteke: 615 00 31 11.
Lehiketak, gainera, bikote irabazleari Gandia 2024 Premasterrean egoteko leku bat eskainiko dio, Asesmus elkarteak eskainita. Txapelketatik ateratako etekin guztiak, gainera, Kenyako Mbogolo herrian eraikitzen ari diren eskola proiektuarentzako izango direla ziurtatu dute.
Eremu azpigaratuetan ekipamenduak eraikitzeko asmoagaz ekitadiak antolatzen dituen kolektiboa da Harriz Herri, eta orain, Kenyako eskola proiektu horretan ari dira lanean. Asko dira orain arte dirua biltzeko egin dituzten ekitaldiak: musika kontzertuak, jaialdiak, enkanteak edota bilketak antolatu dituzte, eskola bat eraikiz herri baten etorkizuna eraldatzen ari direla sinistuta. Eta horretan ari dira, eta ikusi dituzte lehen emaitzak.
Etorkizunera begira.
Izan ere, azken ikasgela eraikitzen amaitu dute dagoeneko. Gogoratu dute herrixkako beharrizanetara egokituta dagoen proiektua dela eurena, eta ez dituztela euren ideiak inposatu gura izan, “hango proiektua babestu besterik ez dutela egin nahi”.
Hala, eskola eraikitzen jarraitzen dute oraindik, lan asko dagoelako egiteko. Etorkizunera begirako proiektuen artean, euria biltzeko ureztatze sistemak sortzea azpimarratu dute, “eskola bere kabuz kudeatu ahal izateko, umeei ura eskaini ahal izateko eta baratze proiektuagaz aurrera jarratzeko. Izan ere, eremu horretako arazorik handiena ur falta da. “Ura ez da haraino ailegatzen eta proiektuak ibai urak biltzea aurreikusten du, baratzean ureztatze sistema bat ezartzeko, baita bainuetarako ere”. Besteren artean, gainera, gustatuko litzaieke edateko uraren beste tanga bat jartzea.