Geologia, era ludikoan
Ibarrangeluko diapiroari buruzko berbaldia emango du Jon Zamalloa Kortak bihar [urriak 20], kultur etxean. Zapatuan [urriak 21], Ibinako Lapatzara ibilaldia egingo dute, gaur esandakoak bertatik bertara ikusteko.
Inguruko lurrazalak eta, zehatz-mehatz, itsasertzak askok uste baino aberastasun eta altxor sekretu gehiago dauzka ezkutuan gordeta. Horietako bat, hain zuzen ere, diapiroa da. Geologiaren alorrean, diapiroa egiturarik baliotsuenetako bat da. Funtsean, arroka arinek arroka astunagoen artean lurpetik goratuz eratzen duten egitura mota da. Egitura geomorfologiko hori lurrazalean erraztasunez ikus daiteke, domo edota tontortxo itxuragaz, identifikatzen jakinez gero.
Hori zelan egin –eta beste hainbat gauza– irakatsiko du Jon Zamalloa Korta geogolo bedaronar gazteak asteburu honetan, Ibarrangelun. Izan ere, bihar [urriak 20] Ibarrangeluko diapiroaren inguruko berbaldia emango du herriko kultur etxean, 18:00retan hasita. Doako hitzaldia izango da, “herritar guzti-guztiei” zuzendua, hizlariak berak aurreratu duenaren arabera: “Geologia alorreko langaiak jorratuko ditugu, baina bertaratzen direnek ez dute zertan ezer jakin gai horri buruz”.
Jon Zamalloa Korta: “Gaia formatu teorikotik helduko diogu barikuan, eta zapatuan bezperakoak aurrez aurre ikusi ahalko ditugu”
Solasaldian, Zamalloak ikasle garaian landutako hainbat alderdi plazaratuko dizkie ibarrangelutarrei: “Bertako harri motak edota egitura geologikoak oso sakon landu izan ditut; gai interesgarria da, geurean askorentzako oso ezezaguna”. Diapiroa “ez da edonon aurkitzen”: “Formazio geologiko hori ez da aurkitzen inguruko edozein eremutan; alde horretatik, Ibarrangeluk badauka zelanbaiteko berezitasunik, bai bertako mendi aldean, bai itsasertzean ikus baitaiteke”.
Zamalloaren helburua gaiari “bi ikuspuntu desberdinetatik” heltzea da. Lehenik eta behin, gaurko hitzaldian gaiari buruzko informazio orokorra, testuinguratzea eta sakontzea egingo ditu, “formatu teorikoan“; zapatuan [urriak 21], ostera, bihar ondutakoak aurrez aurre ikustea bilatuko du, gidari beharrak eginez. “Kontzepturik sinpleenetatik abiatuko naiz solasaldian, hala nola, inguruan topatu daitezkeen arroka moten azalpenetatik. Bertaratzen direnek, bestalde, askatasun osoz egin ahalko dituzte galderak”.
Ibinako lapatzan, ordu eta erdi inguruko ibilaldia egingo dute; besteren artean, arrokak, egitura geologikoak edota fosilak aztertuko dituzte
Zapatuan, bezperan ikasitakoak praktikara eroango dituzte. Herriko goiko aldeko autobus geltokian edukiko dute hitzordua. Taldea osatu, eta Ibinako Lapatzarako bideari ekingo diote. Bertan, ordu eta erdi inguruko ibilbidea egingo dute, helburu argi eta garbi bigaz: “Alde batetik, tankerako gaiak landuz tarte bikain bat pasatzeko aukera izatea; beste alde batetik, inguruan ditugun altxor geologikoen berri edukitzea”. Zamalloak aurreratu duenez, ibilbidea ez da oso nekeza izango, eta, behin Ibinako Lapatzara ailegatuta, hainbat geldialditxo egingo dituzte. “Domoak, arroka bereziak eta hainbat egitura geologiko ikusiko ditugu; umeak baldin badatoz, fosilak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte”.
Lanari zabalkundea emanez. Ibarrangelukoa ez da izango Zamalloak jendaurrean egingo duen lehendabiziko hitzaldia eta ibilaldi gidatua. Izan ere, bere jaioterri Bedaronan birritan aurkeztu ditu geologiagaz erlazionaturiko gaiak, besteak beste, bertako flysch beltzari buruzkoak. Gainera, hango Idegorriazpe hondartzan birritan aritu izan da gidari, “emaitza oso politekin”. Ibarrangelukoa, beraz, lan horren “zabalkundea” izango da.