Gaztelugatxerako sarbideak zarratuko dituzte, segurtasun lanak egiteko
Bizkaiko Foru Aldunditik azaldu dutenez, ez da arazorik egongo Urizarretan hasten den ibilbide zirkularra bisitatzeko.
Astelehenetik (urriak 23) urtea amaitu bitartean, Gaztelugatxerako sarbideak zarratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, segurtasun lanak egiteko.
2021eko urtarrilean gertatuko lur jausiaren eremuan egonkortze lanak egingo dituzte, eta baselizara igotzen diren eskaileretako hainbat zati zaharberrituko dituzte. Hortaz, urtea amaitu bitartean zarratu egingo dituzte Gaztelugatxerako sarbideak, urriaren 28an, 29an, 30ean, 31n eta azaroaren 1ean izan ezik. Diotenez, egun horietan “lanak eta bisitak bateragarriak” izango direlako. Azaroaren 2tik aurrera berriro ere bidea moztu egingo dute, lanak osorik amaitu arte. Hala ere, ez da arazorik egongo Urizarretan hasten den ibilbide zirkularra bisitatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak 787.386,31 euroko inbertsioa egingo du lanotan, “enklabea bisitatzen duten pertsonen segurtasuna hobetzeko helburuz”. Lanak bi hilabetean amaitzea aurreikusten dute, baina gehiago ere luzatu daitekeela diote, “lanak eguraldiak baldintzatuta” daudelako.