'Kontu kontari' ariko da Motx pailazoa bere lan berrian
Estreinaldia urriaren 29an (domeka) izango da, San Frantzisko Herri Ikastetxeko karpa handian, 12:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Koloretako munstroa liburua oinarri hartuta, sentimenduen lanketa egingo du Motx pailazoak Kontu kontari emanaldi berrian. Horrez gain, kantu zein sketch berriak aurkeztuko dituela azaldu du. Aurreko ikuskizunaren “guztiz desberdina” eta “landuagoa” izango dela esan du Motx pailazoaren atzean dagoen Iker Gonzalez Libanok.
Sentimenduak gai nagusi bezala hartuta, ordubeteko formatu ertaineko ikuskizun berria prestatu du Gonzalezek, urtebeteko sorkuntza lanak burutu ostean. Estreinaldia urriaren 29an (domeka) izango da, San Frantzisko Herri Ikastetxearen karpan, 12:30ean. Herritarrak gonbidatzen ditu lan berria ikustera: “Lan asko egin dut ekoizpen berri honetan eta ez dut hutsik egingo, mereziko du”. Sarrerak dagoeneko salgai daude 4 eurotan www.motxpailazoa.eus “webgune berrituan”.
Motx pailazoak atzean uzten du, hortaz, Pozaren parkean! ikuskizuna. Urte eta erdian 30 saiotik gora egin dituela azpimarratu du, eta “balorazio positiboa” egin du: “Euskal Herriko herrialde guztietan izan naiz, izugarria izan da”. Era berean, bere herrian, Bermeon, “aldi askotan” egoteko aukera izan duela esan du, “oso babestuta” sentitu dela nabarmenduta.
Ikuskizun berriagaz Bermeon “aurreko ikuskizunagaz baino saio gutxiago” egiteko asmoa duela aurreratu du, “alboko beste herri batzuetara heltzea” delako bere helburu nagusia: “Gernika-Lumo, Mungia edo Bakion saioak eskaintzea gustatuko litzaidake, besteak beste. Antolatzaileak animatu gura ditut Motx pailazoari aukera bat ematera”.