Busturiko Udalak herritarrekin batera ebaluatu gura du Euskara Plana
Herritarrek amaitzeko dagoen plana ebaluatu dezaten, galdetegi bat zabalduko dute.
Busturiko Udala Euskararen Plan Estrategikoa ebaluatzen hasi da, eta, era berean, plan estrategiko berria diseinaitzen hasteko prest ere badago. Hori guztia, baina, herritarrekin batera egin gura dutela zehaztu dute, eta horretarako, prozesu parte hartzailea abiarazi gura dute.
Hala, udal arduradunek jakitera eman dutenez, urritik abendura bitartean, indarrean dagoen planaren (2018-2023) ebaluazioa egiteko aukera izango dute busturiarrek. Ondoren, urte berriagaz batera, plan estrategiko berria diseinatzeko lanetan hasiko dira. Prozesu biak, gainera, modu parte hartzailean egin gura ditu udalak, “ahalik eta herritar gehienen parte hartzea bultzatu asmoz”.
Galdetegia zabaldu. Herritarrek amaitzeko dagoen plana ebaluatu dezaten, galdetegi bat zabalduko dute, herriko kultur eta kirol elkarteek, ikastetxeak, norbanakoek… betetzeko. Horrez gain, herritar batzuei elkarrizketak egingo dizkietela aipatu dute. Ahalik eta herritar gehienen iritziak jasotzea da helburua, eta herritar guztien parte hartzea eskatu dute.
Herritarrengandik iritziak jaso ostean, bi saio ireki antolatuko dituzte eta gura duten herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.