Sei mintzataldegaz hasi du ikasturtea Berbalagunek
Oraingo ikasturtean ere, euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak izango ditu oinarri Berbalagunek. Bidelagun gazteak behar ditu, taldeak dinamizatzeko. Azaroan jarriko dute martxan ikasturteko lehen Ezetz Jakin lehiaketa.
Sei mintzatalderekin hasi du ikasturtea Gernika-Lumoko Berbalagunek. Euskaldun zaharrak, berriak eta euskara ikasteko eta erabiltzeko gogotsu daudenak batzeko eta euren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuz bultzatu zuten Berbalagun egitasmoa 2003an; AEK-k, udal euskaltegiak eta Gernika-Lumoko Udalak jarri zuten martxan, eta, ordutik, euskara bultzatzeko lanean ari dira.
Euskaraz sozializatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko talde zabalak dira Mintzataldeak. Ibai Urrutia Arandia Berbalaguneko koordinatzailearen berbetan, kalean euskaraz komunikatzeko “talde seguruak” sortu gura dituzte, euskaldun berrientzako zein zaharrentzako. “Parte hartzaileak euren zaletasunak edo gustuko gauzak egiten ari diren bitartean euskaraz aritzeko taldeak sortu gura ditugu. Batzuk paseatu egiten dute, eta beste batzuk tabernetan batzen dira”, adierazi du.
Jakinarazi du gaur gaurkoz sei direla osatu dituzten taldeak, baina gehiago izatea espero dutela esan du. “Talde batzuk aurreko urteetatik mantendu dira, baina berri bat ere osatu dugu aurten. Gainera, aurrerago, barnetegikoekin beste talde bat sortzea aurreikusi dugu, azaroan edo abenduan, euren euskara maila hobetzen dutenean. Horrez gain, beste bizpahiru talde sortzea espero dugu”, adierazi du Urrutiak.
Jende gaztea erakarri gura dute Mintzataldeetara, eta horiei parte hartzeko deia egin die Gorka Olaeta Balparda AEK-ko ordezkariak: “Berbalagunek behar ditugu bidelagunak, euskaraz aritzeko eta egitasmoagaz bat egiteko prest egongo direnak. Elkarrizketak bideratzeko edota gainerako kideekin batzeko bidelagunak behar ditugu, C1 maila dutenak. Hala ere, herritarrei egitasmora batzeko deia egiten diegu. Berbalaguneko orrialdean izena ematera edo AEK-ko bulegora etortzera gonbidatzen ditugu”.
Berbalagun egitasmoan “erreleboa” dagoela adierazi du Bittor Zarrabeitia euskara teknikariak, eta Berbalagunera gazte gehiago erakarri gura ditu.
Mintzataldeez gain, hainbat dira Berbalagunek ikasturtean antolatzen dituen ekintzak: Ezetz Jakin lehiaketa, mendi irteerak, hitzaldiak eta Euskararen Eguneko 11 orduko irakurtaldia, besteak beste.
Udalerrian ezaguna den Ezetz Jakin lehiaketagaz, esaterako, azaroan hasiko direla aurreratu dute ordezkariek, eta paperezko lehiaketaz gain, lehiaketa digitalagaz jarraituko dutela aitortu dute. “Azaroan zentro ezberdinetan banatuko ditugu denetariko gaiak jorratzen dituzten galdetegiak, eta paperezko edizioan zein digitalean jokatzeko aukera izango dute parte hartzaileek”, azaldu du Urrutiak, eta jakinarazi du sarietan zenbait aldaketa egongo direla. Hala ere, aurrerago eskainiko dituzte zehaztasunak.
Hilabete amaierako zapatuetan, gainera, mendi irteeretan ere batuko direla diote: “09:30ean batzen gara eta Gernikako inguruetatik ibilbideak egiten ditugu, adin guztientzako egokiak direnak. Horrelakoetan parte hartzera animatzen ditut herritarrak”.
Hitzarmena, oinarri.
Bittor Zarrabeita udaleko euskara teknikariak adierazi du udalaren eta AEKren arteko hitzarmena dela egitasmoaren oinarria. “Aurten amaitzen da indarrean dagoen hitzarmena; beraz, datorren urtean, beste lau urteetarako akordio bat ebatzi beharko da, 2027ra arte iraungo duena”, azaldu du teknikariak.
Euskaraz berbetako talde presentzialak sortzeaz gain, bestelako egitasmoak sortzeko asmoa zuen bere oinarrian Berbalagunek, eta lortu du. Ondoan izan ditu, gainera, udalerriko norbanako, talde, elkarte edota zentroak. “Talde eragile bat dugu, eta horretan parte hartzen dute AEK-k, udalak zein Busturialdean Euskaraz Bizi elkarteak. Talde horrez gain, hainbat dinamikatan bidelagun izan ditugu talde, elkarte eta eragile ezberdinak”, adierazi du Zarrabeitiak.
Hala, urte guzti horietan asko izan direla Berbalagunek bultzatu dituen dinamikak eta sortu dituen ekoizpenak dio. Aipagarriena mendi irteeretatik sortutako Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak argitalpena dela nabarmendu du Zarrabeitiak: “Berbalagunen ekintza batetik sortutako argitalpena da. Ibilbide bakoitzeko fitxak daude jasota, eta bertan ageri dira bideen mapak, toponimiak edota naturari buruzko datuak”. Euskararen Egunaren harira egiten den 11 orduko irakurtaldia ere ohiko bihurtu dela azpimarratu du, horretan 250 pertsona baino gehiagok parte hartzen dutela esanez.