Lan handiari, emaitza handiak: Unai Martin Delgado, Hiru Haundietan hamargarren
Arrolape Mendi Klubeko korrikalariak 12.14.44ko denbora egin du Euskal Herriko ultradistantziako mendi lasterketarik esanguratsuenetakoan.
Urte osoko behar gogorrak badu ordainsaririk. Arrolape Mendi Klubeko Unai Martin Delgadok lehen hamarren artean amaitu du, iragan asteburuan, Hiru Haundiak ultradistantziako mendi lasterketa; gernika-lumotarra, hain zuzen ere, hamargarren postuan helmugaratu zen. Martinen helburu nagusienetako bat izan da proba hori eta, ondorioz, “oso asebeteta” amaitu duela adierazi du, “postuagatik barik, 12.14.44ko denboragatik batez ere”. Izan ere, arrolapetarrak 13 ordutik behera behar izan zituen, osotara, 101 kilometro eta, besteren artean, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak lotzenzituen ibilbide gogorra betetzeko.
Hanka aldetik “sasoi bete-betean” ailegatu arren, digestio arazoek lasterketaren lehendabiziko zatia korapilatu zioten Gernika-Lumokoari: “Hiruzpalau aldiz geratu behar izan nintzen, tripetako mina tarteko; behintzat, ez nuen jateko arazorik eduki eta aurrera egin ahal izan nuen”. Era berean, senideen eta lagunen berotasuna nabarmendu du: “Ibilbideko hainbat zatitan eta batez ere amaieran, oso babestuta eta uneoro lagunduta egin nuen korrika. Anaia, kuadrillako lagunak, beste hainbat lagun eta ezagun… guztiek euren laguntza eman zidaten; hori ez dut berehalakoan ahaztuko”.
Unai Martin Delgado: “Ibilbideko hainbat zatitan eta batez ere amaieran, oso babhestuta eta uneoro lagunduta egin nuen korrika”
Aizkorri inguruan, helmugarako 11 kilometroren faltan, Peru Robles Zatika lekeitiarrak aurrea hartu zion gernika-lumotarrari, eta hurrenkera horretan helmugaratu ziren. Hankak “maila onean” eta gorputza nahiz burua “krisialdi barik” igarri zituen arren, Martinek aitortu du Hiru Haundiak “egutegiko probarik gogorrenetakoa” dela. Horrez gain, Arrolape Mendi Klubekoez ere mintzatu da: “Talde polita joan ginen, bakoitza bere helburuekin. Nik, adibidez, nire adiskide Ander Aranzabalegaz [55. postuan, 14.19.54ko denboragaz] lehiatzeko aukera eduki nuen. Oro har, esperientzia bikaina izan da guztiontzat”.
Goi mailako proba. Gizonezkoen artean bizkorrena Julen Martinez de Estibariz izan zen, 10.44.48ko denbora bikainagaz. Podiuma, hurrenez hurren, ondorengo korrikalariek osatu zuten: Alvaro Ramos Peñak [10.56.23] eta Carlos Antonio Jimenez Lozanok [11.101.13]. Emakumezkoen artean, Ane Zabala Bruña nagusitu zen, 14.30.02ko denbora eginda. Bigarren postua Aida Delgado Corcherok poltsikoratu zuen; 15.02.12an osatu zituen lanak. Hirugarrena Xari Adrian Cano valentziarra izan zen, 15.07.33koagaz. Ekitaldi arrakastatsua eta goi mailakoa izan da aurtengoa: 1.000 korrikalari inguruk parte hartu dute, tartean, ultradistantzia lasterketetako hainbat espezialistak.