Sakoneta, Xixiliren 25. urteurren ospakizunean garaile
Xixili Kluba 25. urtemugara iritsi da, eta urteurrena Xixili Torneoagaz ospatu du. Lehiaketaren "balorazio bikaina" egin dute taldetik. Txapeldun orokorra Sakoneta taldea izan da.
Xixili Kluba ospatzeko dago. Busturialdeko gimnastika erritmikoko taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta goi-goitik ospatu dute urtemuga asteburuan: Xixili Torneoa egin dute eguena [urriak 12] eta domeka [urriak 14] bitartean. Eguenean, klubeko adin denetako partaideek “eta kanpotik bertaratutako zenbaitek” kirol alor horretan aditua den Eneko Lambearen tailerra jaso zuten. Ekimen horren “balorazio paregabea” egin dute antolatzaileek: “Oso aberasgarria izan zen, eta gimnastek izugarri ikasi zuten”. Barikuan, Bermeoko Artza pilotalekuak Mujeres en el deporte de Ć©lite, mĆ”s allĆ” del podio izeneko berbaldia hartu zuen. Almudena Cid gasteiztar, Amaia Uriondo donostiarra eta Garoa Martinez bermeotarra aritu ziren hizlari, eta “jende pila bat” bertaratu zen frontoira.
Zapatu-domekan egin zuten, Jai Alai frontoian, lehiaketa. Zapatu goizean, bakarkako probak lehiatu zituzten, eta arratsaldean, aldiz, bakarka zein taldeka; domekan, ostera, taldeka lehiatu zuten. Guztira, Hego Euskal Herritik nahiz Espainiako zenbait eremutatik hurreratutako talde ugarik parte hartu zuten, eta 500 parte hartzaile inguru aritu ziren Jai Alain. Txapelketa osoko puntu guztiak bilduta, Sakoneta taldea izan zen garailea. Maila orokorra “oso handia” izan arren, Sakoneta “kategoria handiko garailea” dela adierazi dute Xixilitik, iazko irabazle Vallecasen errelebo ona.
Ane Axpe, Garazi Asla, Naia Arrazua, Idoia Hormaetxea edota Maialen Abaroa izan ziren Xixili Klubeko partaiderik nabarmenenak
Etxeko gimnastek ere eman zuten zeresanik. Bakarkako lehian, oinarrizko haur mailan, Ane Axpe gailendu zen, mazekin. Senior absolutuen artean, ostera, Garazi Asla izan zen hoberena, uztaiagaz; mazekin, gainera, hirugarrena izan zen. Naia Arrazuari dagokionez, maila horretan garaipena poltsikoratu zuen bai pilotagaz, bai zintagaz. Idoia Hormaetxea oinarrizko gazte mailan goiko kotan aritu zen: 39 partaidetik zazpigarrena izan zen. Maialen Abaroa kadeteak ere, emaitza aipagarririk lortu ez arren, “progresio ederra daramala” frogatu zuen. Taldekako lehian, oinarrizko haurrak zazpigarren sailkatu ziren, zapatu arratsaldean. Domekan, Xixiliren oinarrizko gazte talde biek, T eta H izenekoek, laugarren eta bosgarren postua lortu zuten, hurrenez hurren.
25. urteurreneko egitaraua “guztiz arrakastatsua” izan dela azalduta, hurrengo urtean ere “pareko dinamikei eustea” daukate burua: “Lehiaketaz gain, masterclass-a edota hitzaldiak egitea oso ondo etorri da, jende asko erakarri baitu. Hurrengo urteko ekitaldian, oraindi oso urrun dagoen arren, pareko formatuari eustea espero dugu”.