Lointek Gernika, txarto hasten dena txarto amaitu ohi da
Lointek Gernika Bizkaiak 75-58 galdu du Movistar Estudiantesen aurka emakumezkoen ligako hirugarren jardunaldian. Eguenean [urriak 19] 20:30ean Lattes Montpellierren aurka jokatuko dute Eurocup Womeneko lehen partida, Malosten.
Txarto hasten dena txarto amaitu ohi da. Hori gertatu zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari zapatuan [urriak 14] Madrilgo Magariños pabiloian. Gernikarrak Israelgo Ramat Hasharonen aurkako Eurocup Womeneko lehen jardunaldiko lehia bertan behera geratu ostean, atseden hartuta heldu ziren partidara. Angie Bjorklundek ez zuen Madrilera bidaiatu elkar adostasunez kontratua eten eta Bartzelonarengatik fitxatzeagatik. Movistar Estudiantes, ordea, Italian jokatu zuen joan den eguenean [urriak 12].
Beste martxa bategaz hasi ziren madrildarrak eta konturatu orduko 17-4 zindoazen galtzen gernikarrak. Ez zegoen, edo ez zuten aurkitu, Josephine Whittle geratzeko modurik, 23 puntu saskiratu zituen. Hala ere, Lointek Gernika partidara itzultzeko gai izan zen 0-9ko partzial bategaz. Tartean Marta Alberdin bi gehi bateko bategaz. Partida oso zoroa zen, inolako kontrolik gabekoa, eta partzial handiak sartzen zizkieten batak besteari, ez zegoen jarraikortasunik. 8-0eko beste partzial bat madrildarren alde eta bizkaitarren erantzuna 0-6ko beste bategaz. Atsedenaldirako dena zegoen erabakitzeke: 32-30. Hori bai, denbora osoan Lointek Gernika atzetik zegoen markagailuan.
Lointek Gernika Bizkaiak eguenean [urriak 19] 20:30ean ekingo dio zazpigarren urtez jarraian Eurocup Womeneko denboraldiari.
Aldageletatik itzuli eta gero ostera ere hotz atera ziren Lucas Fernandezen jokalariak. Etxeko taldeak berriro alde egin zuen markagailuan 42-31 jarri arte. Crystal Bradfordek aurrera pausoa eman zuen bakarkako jokoetan puntu asko sartuz, 16 guztira. Movistar Estudiantesek hirugarren laurdeneko azken minutuak eman zion Lointek Gernika Bizkaiari azken kolpea, handia gainera. Lehenengo Maria Eraunzetamurgilen hiruko bategaz eta jarraian Laura Mendezen beste bat zelai erditik denbora agortzeaz zegoela. Azken laurdenean gernikarrak saiatu baziren ere, ez zuten lortu markagailuko tartea murriztea. Ondorioz ligako lehen partida galdu zuten 75-58.
Orain bai. Lehen partida datarik gabe atzeratu eta gero, Lointek Gernika Bizkaiak eguenean [urriak 19] 20:30ean ekingo dio zazpigarren urtez jarraian Eurocup Womeneko denboraldiari. Lattes Montpellier talde indartsua izan dute aurrean Malosten. Talde frantziarrak munduko eta europako txapeldun ugari ditu. Malostera hurbildu nahi dutenek sarrerak salgai dituzte dagoeneko.