Iruri Altzerrekak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa
Arrigorriagan jokatu den kanporaketan parte hartu du Iker Uriarte Urrutia bertsolari bermeotarrak.
Atzo [urriak 15] Arrigorriagako Lonbo aretoan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa eta Iruri Altzerreka Martinezek irabazi zuen. Modu horretara, zuzenean pasatu da azaroaren 11n jokatuko den finalaurrekoetara; gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera. Atzoko kanporaketan parte hartu zuen Iker Uriarte Urrutia bertsolari bermeotarrak, azken postuan sailkatuta, 431 puntugaz.
Igor Menika Bengoetxeak jarri zituen gaiak hirugarren kanporaketan, eta epaile lanetan aritu ziren Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharrak, berriz, Itziar Basterretxea Olarreagak egin zituen.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa Erandioko Merkatu zaharran izango da, urriaren 22an (domeka). Erandioko saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren puntuazioa:
- Iruri Altzerreka Martinez: 475 puntu.
- Josune Aramendi Perez: 470 puntu.
- Lurdes Ondaro Mallea: 453 puntu.
- Garikoitz Sarriugarte Onaindia: 441 puntu.
- Inazio Vidal Gurrutxaga: 436,5 puntu.
- Iker Uriarte Urrutia: 431 puntu.