'El Plan Marta (1960-1963)' liburua aurkeztuko dute barikuan Euskal Herria Museoan
Natalia Ortizen lanak Australiara 60ko hamarkadan joandako emakumeen immigrazioa jasotzen du. 40 emakumeren testigantzak lehen pertsonan bildu ditu Ortizek liburuan, baita haien seme-alaben testigantzak eta aurrekari historikoak ere.
El Plan Marta (1960-1963) liburua aukeztu eta El avion de las novias dokumentala proiektatuko dute barikuan [urriak 20] Euskal Herria Museoan; 18:00etan jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Natalia Ortiz Zeberio ikerlariak idatzi du argitaratu berri den liburua. “Sei urte baino gehiagoko ikerketaren ondoren ailegatu da Australiako emakumeen immigrazioaren memoria jasotzen duen liburua”, adierazi dute antolatzaileek.
Ortiz Hego Gales Berriko Unibertsitateko (Sydney, Australia) ikertzaile, irakasle eta koordinatzailea da, eta bere ikerketa eremua da Espainiako migrazioak Australian izan zuen eragina aztertzea. Hala, ikerketa “lan sakon” bati esker azaleratu zuen Marta Plana –Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Australiako immigrazio ekimen ugarien artean diseinatutako akordioa, 1959an Espainiako eta Australiako gobernuek Australiara emakume ezkongabeak eta katolikoak eroateko sinatu zutena–, eta protagonistei ahotsa eman die; izan ere, 1960tik 1963ra bitartean Australiara emigratu zuten 800 emakume inguru elkarrizketatu ditu.
Hala, 40 emakumeren testigantzak lehen pertsonan bildu ditu Ortizek liburuan, baita haien seme-alaben testigantzak eta aurrekari historikoak ere: “Liburuak 300 orrialde ditu, eta argazkiak, gutunak, postalak, eskuz idatzitako oharrak, eta hegazkin eta itsasontzi txartelak biltzen ditu”.
Australiara joandako emakume askok itzultzea erabaki zuten, eta horregatik aukeratu dute museoa aurkezpenerako leku izatea; zehaztu dutenez, emakume horietako batzuk museoan egongo dira, baita horien senideak eta Euskal Australiar Elkartekoak ere. Horrez gain, Basques in Australia erakusketa ere ikusgai egongo da.
Ikerketa lana.
Juan Manuel Molina Espainiako enbaxadore eta Espainiak Sydneyn izan duen kontsularentzako “ikerketa lan sakona eta hunkigarria” da, Australiara joan ziren emakume horien “tristuraz eta pozez” betetako testingantza intimoak modu hurbilean jasotzen dituena. “Hegoaldeko herrialde handi hori euren bizileku bihurtu zuten, eta bidea prestatu zieten gero iritsi ziren herrikideei”.
Luisa Etxenike idazleak dio nobela baten modura irakurtzen den lan zientifikoa dela liburua, “mamiaren eta formaren harmonian narrazioaren sedukzio ahalmen ikaragarria duela azpimarratzeko”. Gainera, gehitu du “ezinbesteko memoria” berreskuratu duen lana dela eta oroimena orainarekin lotzen duela.