269 Memorialari buruzko ikerketa lana zabaldu dute Pipergorrikoek
Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu du Pipergorri kultur elkarteak, eta "balorazio oso positiboa" egin du. Bakearen Museoko ordezkariekin batera, hilerriko bisita gidatua zuzendu dute, eta 269 Memorialari buruzko azalpenak eskaini zituzten.
Gernikako Bakearen Museoaren eskutik, aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu du Pipergorri kultur elkarteak, eta Gernikako hilerria: Gerra Zibilaren lekuko izeneko jardueran bisita gidatua zuzentzen parte hartu zuten elkarteko kideek museoko arduraduBekin batera. Diotenez, “pozarren” hartu zuten urriaren 5eko, 10eko eta 11ko jardueretan parte hartzeko gonbidapena. “Museoko gidariak bere azalpenak eman zituen hilerriko leku desberdinetan, eta guk, gureak eman genituen 269 Memorialaren inguruan”, azaldu dute elkartekoek.
Elkarteak azken urteetan egindako ikerketa lanean oinarrizkoak izan diren kuantifikazio, identifikazio eta dokumentazioa zabaldu zuten bisita gidatuetan, arrazo desberdinengatik: “Batetik, gernikarron memoria kolektiboan txertatu beharreko kapitulua delako; eta bestetik, gure ingurutik kanpora zabaldu behar dugulako ahalik eta gehien, gaur gaukoz ere desagertutzat emandago pertsonak badaudelako, ospitale horretan ondo dokumentatuta hilda daudenak”.
Hiru hitzorduetan aukera izan zuten proiektua azaltzeko eta emaitzak jakinarazteko, baina proiektuaren giza dimentsioan sakondu zutela adierazi dute. Hildakoen familiekin zelako hartu emanak izan dituzte, dolu isilean egindako konpainia zelakoa izan den, edota memoria eta dokumentazioa partekatzearen garrantziaz berba egin zuten bisitetan, baita desagertuen kasuei buruz ere.
Jarduerak izandako asistentziagaz “pozik” agertu dira Pipergorrikoak, dozena inguru bisitarik parte hartu zutelako erderazko saioan eta dozena erdik euskarazkoan. “Familia askoren memoria Gernikan lekutu dugu. Entzuleen aldetik ere dena ederto egon da: oharrak eta itaunak ez dira falta izan, etaa interes handia erakutsi dute”, azaldu dute.
Horiek guztiak kontutan hartuta, “balorazio oso positiboa” egin dute elkartekoek: “Museoko gidari bi izan ditugu lagun, eta jarduera bera, materiala eta osteko argazkiak partekatu ditugu, eta ezin hobeto konpondu gara. Guztiagatik ere eskerrak eman behar dizkiogu museoari eta bertan beharrean diharduten taldeari”. Horrez gain, hurrengo batean ere elkarregaz lan egiteko prest daudela adierazi dute: “Guretzako esperientzia interesgarria izan da, eta museoaren bidez ospitale militarrean gertatutakoa hilerrian dauden beste adierazle batzuekin lotu ahal izan dugu”.