Euskaldunen bizipenak Australian
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak Australiara joan ziren euskaldunei buruzko erakusketa jarri du ikusgai. Argazkien bitartez, horien esperientziak eta istorioak ezagutu daitezke.
Alberto Uranga, Begoña Zubiaurre, Estrella Alvarez, Milagros Revuelta, Jesusa Etxabe, Josefina Erezuma, Josu Aberasturi, Ignacio Olano, Angel Lejarraga, Jose Antonio Longarte, Mila Aboitiz, Marije Goitia, Jose Luis Etxeandia, Felix eta Inaxio Malaxetxebarria, Jaime Aberasturi… asko dira Euskal Herritik Australiara lanera joan zirenak, eta horien bizipenak jaso ditu Euskal Australiar Elkarteak Euskal Herria Museoko Basques in Australia erakusketan; azaroaren 5era bitartean bisitatu daiteke.
Euskaldunek munduko hainbat lekutara emigratu zuten arren, Ameriketako Estatu Batuetara jodakoen istoria da gehien jaso eta aztertu dena. Hala ere, asko eta asko izan ziren aukera berrien bila Australiara joan zirenak. Erakusketak, hain zuzen, Australia jomuga izan zuten euskaldunen bizitzei buruzkoa da; izen propioak eta leku desberdinak ageri dira, eta horien bitartez hara joandako guztien bizimodua ezagutu daiteke.
Museoaren hirugarren solairuan kokatuta dauden hamar panelen bitartez kontatzen dira esperientziak, eta, panelez gain, erakusketa osatzen duten bitrinak daude, dokumentu, eskutitz, postal, edo erramintez beteta.
Urtez urte.
Hasieran joan zirenak itsasgizonak izan ziren, itsasontzi ingelesetan nabigatzen zutenak. “Melbournera heldu zen lehenengoa Natxituko Arratibel izan ei zen”, azaldu dute. Lehen Mundu Gerrara arte, “asko” izan zirela Australiara joan zirenak diote, bai kargero, erremokadore edo korreoetan”. Horietako batzuk portuan egiten zuten lan, eta beste batzuk azukre errotetara joan ziren.
Mundu gerrak moteldu egin zuen emigrazioa, baina 50eko hamarkadan, “lan egiteko beharginak” falta zirela eta, berriro hartu zuen indarra emigrazioak, eta asko izan ziren munduaren beste aldera joan ziren euskaldunak.
50eko hamarkadaren erdialdera, Espainiako eta Australiako Gobernuek akordio bat sinatu zuten, eta Canguro, Eucalipto, Emu, Karry eta Torres operazioen bidez gizonak erreklutatu zituzten Australiara eroateko: “Lehena Operacion Canguro deitu zen, eta 1958ko abuztuaren 6an ailegatu ziren Brisbanera Toscana itsasontzian”. Hilabeteko bidaia egin zuten helmugara heltzeko.
Emakumeak ere joan ziren Australiara: erreklamatuta, ezkonduta, bertan ezkontzekotan, neskame… edo Marta Planean. Plan hori migrazio akordioa izan zen, Espainiako eta Australiako Gobernuek eta eliza katolikoak sinatutakoa, eta 1960an hasi eta 1963an amaitu zena.
Australiara joandako euskaldunek “gogor lan” egiten zutela azpimarratzen du erakusketak, kainak ebaten edo tabakoaren hostoak eskuz batzen eta horiek lantzen: “Egunsentian hasi eta eguerdira arte ziharduten kaina ebaten; tonak ebaten zituzten. Lan gogogrra inon bada, txarragoa jakin ezean”.
Aisialdirako edo atseden hartzeko aukera ere izaten zuten, eta laneko zein aisialdiko une, momentu eta bizipen horietako asko erakusketan ikus daitezke.