Dastatu Urdaibai: tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzeko ekimena
Dastatu Urdaibai ekimenaren helburua da tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzea, lurraldeko nekazaritzako elikagaien aberastasun, aniztasun eta kalitate izugarria balioestea, eta ekoizle eta herritarren arteko harremanak sustatzea. Urritik abendura arteko ekimenak zehaztu dituzte.
Herritarrei Urdaibaiko erreserban ekoitzitako sasoiko produktuen berri emateko, ekoizleak ezagutaratzeko eta euren lana balioan jartzeko, herritarren eta ekoizleen arteko harremanak sustatzeko, eta produktuak bitartekari barik erosteko ekimena jarri du martxan Ekoetxea Urdaibaik: Dastatu Urdaibai. Ia urtebetean zehar garatuko diren gastronomia eta kultur esperientzia ugari bilduko dira ekimenaren baitan, eta dagoeneko jakinarazi dituzte urritik abendura bitartekoak; urriaren 22an, esaterako, 1812tik Urdaibain txakolina ekoizten duen Amunategi Txakolindegira joateko bisita prestatu dute.
“Lehen esperientzia hauek aukera ematen dute hainbat ustiategi eta erakusketa doan bisitatzeko, baita gastronomia tailerretan eta produktu dastatzeetan parte hartzeko”, azaldu dute.
Dastatu Urdaibai ekimena elikagaien kontsumo globalaren ereduari aurre egiteko sortu da, izan ere azken horren ekoizpena eta banaketa jasangarritasunerako “arazo” bihurtu dela diote. Hala ere, azken urteotan, “hurbileko produktuen eskaria handitu” egin dela diote, “herritarrek euren osasunean, tokiko ekonomian eta ingurumenean dituzten onurei buruzko ezagutza dutelako. “Hori horrela, banaketak eragindako karbono aztarnaren murrizketa, hotz kateak eta kontserbatzaileak saihestuz lortzen den balio gastronomikoa, edo ekoizle txikiei laguntzea bezalako elementuek gero eta pisu handiagoa dute erosketa saskian”, azaldu dute.
Zentzu horretan, Dastatu Urdaibaik elikadura eredu “arduratsuago” bat zabaltzen lagundu gura du, “lurraldeko produktuen aberastasun, aniztasun eta kalitate ikaragarriari balioa emanez”. Horretarako, bertoko ekoizleen eskutik, ossungarriak dire kalitatezko elikagaiak lortzeko egiten duten lana erakutsiko dute.
Horiek horrela, ekimenaren helburua da tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzea, lurraldeko nekazaritzako elikagaien aberastasun, aniztasun eta kalitate izugarria balioestea, eta kontsumitzaileek jakitea zelan lortzen diren kontsumitzen dituzten produktuak, baita zer diferentzial ematen duten ere: “Horrek kalitate handia eta onurak dakartza gure osasunerako”.
Lankidetza proiektua.
Ekoetxea Urdaibaik Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Patronatuaren bulego teknikoagaz, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteagaz eta Urdaibaiko tokiko ekoizleekin harremanetan abiatu du ekimena, eta pertsonengan jarduteko modu jasangarria bultzatzea izan du helburu.
Hala, tokiko ekoizleei zuzenean erosita “garapen iraunkorra eta tokiko ekonomia” sustatzen direla ikusarazi gura dute, baita familia askorentzako lana sortzen dela ere. Horrez gain, tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzerakoan karbono aztarna txikiagoa sortzen dela zabaldu gura dute, izan ere, banaketa eta garraio katea nabarmen murrizten dira.
Osasunari eta ongizatea hobetzeari erreparatuta, bertokoak eta sasoikoak diren produktuak freskoagoak eta zapore hobekoak direla gogorarazi gura dute: “Une egokian biltzen dira, elikagai guztiak mantentzen dituzte, eta ez dira artifizialki mantentzen hotz ganberetan. Gainera, produktua nondik datorren eta haren prozesua hasieratik amaierara zelan egiten den zehatz mehatz ezagutzen da”.