Urdaibaiko lurpeetan barrena
ADES Espeleologia Elkartearen argazkiekin osatutako bilduma bat jarri dute ikusgai, eta abenduaren 10era arte bisitatu ahal izango da erakusketa, doan.
Urdaibaiko leku ezkutuak ezagutzera gonbidatzen ditu Busturiko Ekoetxea Urdaibain jarri duten aldi baterako erakusketa berriak. Hain zuzen ere, ADES Espeleologia Elkartearen argazki bilduma “ikusgarria” bisitatu daiteke. Esploratu! Urdaibaiko lurpea izeneko erakusketa abenduaren 10era arte edukiko dute ikusgai, eta doan bisitatu daiteke.
Erakusketaren helburua da Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesteko bere kultura eta natura ondarea zabaltzea: “Urdaibai Biosfera Erreserbak 22.000 hektarea inguru hartzen ditu. Bere balio ekologikoa garrantzi handikoa da. Ezaguna da kareharrien iragazkortasuna eta, ondorioz, ur gordailuak metatzeko gaitasuna. Urdaibain edateko uraren beharraren zati handi bat lurpeko ur horien aprobetxamendutik dator, eta arrazoi hori nahikoa da lurzoru horiek ahalik eta gehien babesteko”.
Urdaibain kobazulo asko daude, baina “zaila” dela diote “zenbat eta zein garrantzizkoak diren imajinatzea”. Hala, erakusketak horietako batzuk zeharkatzeko aukera ematen die bisitariei, modu birtualean bada ere. ADES Espeleologia Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko kobazuloen eta leizeen katalogoa argitaratu zuten, 2010ean; 233 barrunbe erakusten ditu. Hala eta guztiz ere, ADESeko espeleologoek miaketak egiten jarraitu dute, eta hamahiru urte beranduago, ezagutza bikoiztu dute, bai barrunbe kopuruari dagokionez, baita ere lurpeko galerien eta bidezidorren kopuruari dagokionez.
Informazio zabalagoa. Panel bakoitzak QR kode bat darama erantsita, eta argazkietan erakusten duten barrunbe bakoitzari buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko aukera ematen dute: testuak, argazkiak, bideoak, aurkezpenak, web helbideetarako estekak…
Ekoetxeako arduradunek erakusketa ikusteko gonbidapena egin dute: «Proposamen horiek guztiak aztertzera gonbidatzen ditugu bisitariak. Gainera, gehiago jakin gura dutenentzat ADES Espeleologia Elkarteak beraiekin batera hurrengo esplorazioetan parte hartzera animatzen gaitu, eremuan bertan».