Musika taldeak diruz laguntzeko deialdia zabaldu du kultur etxeak
Musika egitasmoak bultzatzeko asmoz zabaldu dute diru laguntzen deialdia, eta azaroaren 10eko 14:00ak aurretik aurkeztu beharko dira eskabideak.
Musika taldeak laguntzeko asmoz, Gernika-Lumoko taldeei zuzendutako 5.000 euroko diru laguntza banatuko du kultur etxeak, beste urte batez. Diru laguntza honen helburua da musika lanak jorratzeko laguntza ematea eta musika talde desberdinen lanaren hedapena laguntzea. Hala, diru laguntza lortu gura duten taldeek azaroaren 10eko 14:00ak aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaera orriak kultur etxean edota www.kulturagernika-lumo.eus webgunean.
Eskaera orriarekin batera, taldearen curriculuma, ordezkariaren Nortasun Agiriaren fotokopia, musika lana jorratu dela egiaztatzen duten agiriak eta diru laguntza jasotzeko banketxeko kontu zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Gainera, musika lanetan ez dute onartuko arrazakeriarik, sexu berdintasunaren aurkako adierazpenik, jarrera homofoborik edota beste pertsonen duintasunaren aurkako adierazpenik. Horrez gain, zehaztu egin beharko dute musika lan hori egiteko edo beste helburu baterako beste erakunde edota iturri bateko laguntza jaso duen taldeak edo ez.
Kultur etxeak 5.000 euroko diru laguntza berezia egokitu du musika lanak jorratzeko, “musika talde desberdinen lanaren hedapenean laguntzeko asmoz”. Ondorioz, diru laguntzaren zenbateko osoa zati berdinetan banatuko da aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean, proposamen bakoitzak gehienez 1.000 euroko laguntza jasoz.
“Gernika-Lumoko Kultur Etxea herri erakundeak eta Segundo Olaeta Musika Eskolak konpromiso irmoa daukate herritarren heziketa musikalari ekiteko eta udalerriko musika talde zein elkarteak sustatzeko”, jakinarazi dute ordezkariek. Izan ere, kultur etxean egiten diren jarduerez gain, kanpoko dinamikak aberastu gura dituzte, “berdintasunean oinarritutako zerbitzuak eta jarduerak xede izanda”.
Betebeharrak.
Diru laguntza deialdian parte hartzen duten musika taldeek zenbait baldintza bete beharko dituzte, izan ere, diruz lagunduko dituzten jarduerak hurrengo hauek izango dira: diskoaren grabazioa, diskoaren ekoizpena, lanaren fabrikazioa, singlearen gabazioa edo bideokliparen grabazioa.
Gainera, talde edo elkarte kideen % 50 Gernika-Lumon erroldatuta egotea edota euren ohiko jarduera udalerriko musika guneetako batekin lotuta egotea eskatzen da; Segundo Olaeta Musika Eskola, Kultur Etxea edota Iparragirre Rock Elkartea, esaterako.
Eta, zehaztu dutenez, eskatzaileek konpromisoa hartuko dute 2024an Kultur Etxeak antolatzen duen kontzertu batean parte hartzeko, “ezarritako baldintzetan”.