"Gazteek taldearentzako beharrezkoak direla senti dezatela nahi dut"
Ohorezko Mailatik Ohorezko B Mailara jaitsi da Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldea, baina euren motibazioak gorenean dirau. Zenbait aldaketa egin dituzte lantaldean, tartean, entrenatzailea.
Maila jaitsiera kudeatzeagaz eta lantalde berria prestatzeagaz, badirudi nahikoa lan eduki duzula denboraldiaurrean.
Lanpetuta ibili gara lantaldekook, bai. Denboraldiaurrea urte osoan eragingo duten kontuak atontzeko sasoia da: jokalari atzerritarren dokumentazioa prestatzea, entrenamendu sistema ardaztea eta abar. Urteko aldi oso garrantzitsua da, baina, dagoeneko, liga erregularreko dinamiketan bete-betean sartuta gaude.
Zelako lantaldea daukazue aurtengo denboraldirako?
Lehenik eta behin, guztiok zentzu berean tiraka gaudela azpimarratu behar da; helmuga berari begira gaude, eta batasunetik behar egiten dugu. Bestela esanda: ez dut ezer txarrik esaterik lantaldeko kideen konpromiso mailari eta jarrera eraikitzaileari dagokienez. Jokalariei helduta, iazko taldean zeudenetako batzuei harrobiko zenbait jokalari gazte gehitu zaizkie. Azken horiek taldearen egituran, mekanismoetan eta eguneroko dinamiketan sartzea zeharo garrantzitsua da niretzat. Nire ardurarik nabarmenena euren progresioa bermatzea da: gazteek taldearentzat beharrezkoak direla senti dezatela nahi dut. Oinarri horri, azkenik, atzerritik hartutako zenbait jokalariren fitxaketak gehitu behar zaizkio, lantaldeari kalitate puntu gehigarria ematea espero dudana.
Zer izango duzue helburu?
Lehenik eta behin, egunero-egunero txukun eta umil lan egitea. Hori giltzarri da niretzat. Kirol arlotik, gutxienez, Ohorezko Lehen Mailarako txartela lehiatuko duen eliteko bederatzi taldeen multzora sailkatzea bilatuko dugu. Gernika RTk badu horretarako bezainbesteko mailarik. Orain, hori frogatzea falta zaigu.
“Sinistuta nago, eguneroko lanari garrantzi izugarria eman ezean, maila igoera moduko erronkak gainditzea guztiz ezinezkoa dela”
Ñabardura txikiei pila bat erreparatzen diezula dirudi.
Eta halaxe da. Sinistuta nago, eguneroko lanari garrantzi izugarria eman ezean, maila igoera moduko erronkak gainditzea guztiz ezinezkoa dela. Zentzu horretan, gazteek giltza eduki dezakete: atzerritik ekarritako jokalarien gerizpean edota bigarren mailako osagaiak diren pentsuan egon ordez, taldearentzat guztiz beharrezkoak direla ulertu dezaten nahi dut. Gainera, urte gogor batetik gatoz: jaitsiera denboraldi batetik. Horrek, jakina, alde psikologikoari ere eragiten dio, eta horri buelta emateko prest egon behar da, are gehiago jokalari gazteekin lan egiterakoan. Hori zelan lortu? Ba, helburu txiki baina egingarriak planteatuz. Harrobiko jokalariek taldearen jokoari ekarpenak egin diezazkioketela ikustea bilatzen dut; taldearen egoera euren lanagaz errotik hobetu dezaketela sinistaraztea dut helmuga.
Helburu horren bilaketan, Gernika-Lumoko jarraitzaile fidelen sarea gako izango da, ezta?
Bai, guztiz. Gernika RT instituzioa da udalerrian; gernika-lumotarrek begirunez, maitasunez eta elkartasunez jagoten dute herriko errugbi taldea.
Urbietaren ilusioa berreskuratu beharra nabarmendu dute zenbaitek.
Eta, neurri batean, arrazoia daukate. Iaz geure buruari zin egin genion Urbieta gotorleku bihurtuko genuela eta, behintzat, lortu genuen talde bisitariek geurean gogotik sufritzea; emaitzek, baina, ez ziguten ahalbidetu goreneko mailari eustea. Aurtengo denboraldiari bestelako ikuspuntuagaz helduko diogu: Urbieta jadanik ez da iazko babeslekua. Aurkariek talde arriskutsua garela sobera dakiten arren, beharbada ez gaituzte beste urte batzuetako ehiztari postu horretan ikusten, batez ere, etxean. Beraz, geure egitekoa ezustekoa ematea izango da eta, zelan ez, Urbietak gotorleku izaten dirauela frogatzea. Dena alde daukagu, eta prest gaude.
“Entrenamenduetan gehien errepikatu ohi dudan berba antsietatea da: ezin dugu presaz jokatu”
Zelako jokoa egin behar dute basurdeek emaitza duinak lortu ahal izateko?
Baloiaren jabetza eduki behar dugu, nahitaez. Baloia daukagun bitartean, geure jokoa ezartzeko aukera edukiko dugu. Hortik aurrera, astean, entrenamendu saioetan, gehien errepikatu ohi dudan berba antsietatea da: ezin dugu arineketan eta presaz jokatu. Bestalde, fase estatikoetan ezin dugu akatsik egin.
Ez dago arerio txikirik, baina zein talde espero dituzu goiko kotan Ohorezko B Mailan?
Talde dezentek dituzte aukera errealak: Zarautz iaz lehen mailara igotzeko zorian egon zen; Getxo beti da lehiakorra; Hernanigaz beste horrenbeste pasatzen da, euren zelaian sendoen jokatzen duen taldeetako bat da; Bilbok bere kirol proiektua finkatu egin du, atzerriko fitxaketa esanguratsuak egin ostean; bai Gasteiz, bai Oviedo iaz ederto aritu ziren. Talde arriskutsuen zerrenda luzea da eta maila, ostera, benetan azpimarragarria.
Ezusteko faktorea aintzat hartu barik, jakina.
Hori da. Ezin da inor gutxietsi, edozein aurkarik ezustekoa eman baitezake. Ligako lehen jardunaldian, esaterako, Donostiko Bera Berak estu hartu gintuen, azkenean puntuak poltsikoratu bagenituen ere. Esan duzun legez, ez dago arerio txikirik, eta guk, geure umiltasunetik, partidu guzti-guztiak finalak bailiran planteatu behar ditugu.
“Zarautzek estu hartu gintuen etxeko lehen partiduan, baina, zorionez, puntuak geurean geratu ziren azkenean”
Lehen partiduko estutasunez ari zara, baina bigarrena ere ez zen makala izan, ezta?
Ez horixe. Zarautzek ere estu hartu gintuen, gainera, etxeko lehen partiduan. Fitxaketa berrien lehen partidua izan zen, eta lanak eduki genituen jokoaren alde denak antolatzeko, guztia berria baitzen eurentzat. Edozelan ere, zorionez, puntuak geurean geratu ziren azkenean.
Jokalari gazteak behin eta berriro ahotan dituzu. Harrobia klubaren iruditegian zutabe izan da beti, ezta?
Bai. Gernika RTren lanerako filosofiaren barruan, argi eta garbi dugu gazteak, etorkizunaz gain, orainaldiko protagonista bihurtu behar ditugula. Beste hainbat taldetan, eskarmentudun jokalarien, atzerritarren edota izen handikoenen alboan apur bat kamustuta ikusten ditugu harrobikoak. Guk ez dugu gura hemen horrelakorik pasatzerik. Hala fisikoki, nola psikologikoki, lanketa itzela egin behar da eurekin eta, esan bezala, hori egunerokotasunean aplikatu behar dugu.
“Joandako urteetan neure aurrekari Eduardo Maidaganegaz entrenatzaile laguntzaile lanetan aritu naiz; zentzu horretan, presio aldetik, ezer gutxi aldatu zait postu berriagaz”
Postu berriak presio erantsia ekarri al dizu?
Gezurretan nengoke ardurarik sumatzen ez dudala esango banizu. Dena dela, joandako urteetan ere igarri dut erantzukizun hori. Zenbait denboraldi egin ditut neure aurrekari Eduardo Maidaganegaz, entrenatzaile laguntzaile lanetan, horrek dituen eginkizunekin: egunero hitz egiten genuen; entrenamenduak banan-banan prestatzen genituen; aurkariak goitik behera aztertu; lantaldeagaz bertatik bertara behar egin. Zentzu horretan, ezer gutxi aldatu zait. Hori bai, poztasunen eta garaipenen protagonistak jokalariak izaten diren neurrian, porroten eta atsekabeen lehen erantzulea entrenatzailea izan ohi da beti.