Argazki lehiaketaren oinarriak jakinarazi ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Gautegiz Arteagako 2024ko egutegia lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatuko dute, eta herritarrek azaroaren 2ra [12:00ak] bitartean bidali behar dituzte euren proposamenak kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbide elektronikora edo ohiko posta bidez (Herriko Enparantza, 1 PK. 48314). Udaletxean uzteko aukera era badago: “Argazkiak formatu elektronikoz edo fisikoan aurkeztu daitezke, azken kasu horretan, parte- hartzaileek, argazkiak bueltan jasotzeko eska dezakete”.
Herritar bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ditzake, eta guraso edo tutorearen baimenagaz, adingabeek ere parte hartu dezakete lehiaketan. Aurretiaz aldizkari, egunkari zein liburu batean argitaratu diren argazkiak ez dituzte onartuko.
Jasotako argazkien artetik hamabi aukeratuko dituzte datorren urteko egutegia osotzeko, hilabete bakoitzeko bana, eta gaia librea bada ere, “Gautegiz Arteagari lotutakoa” izan behar dela zehaztu dute: “Argazkiak Gautegiz Arteagan egindakoak izan behar dira. Gaia aurten librea izango da, beti ere, Gautegiz Arteagarekin zerikusi zuzena baldin badu”. Antolatzaileek “argazkiek gutxieneko kalitate teknikoa” duten ala ez aztertuko dute, eta irizpide horren arabera, erabakiko dute argazkiak onartu edo ez. Egutegia editatzeaz arduratuko den publizitate agentziako zenbait ordezkarik osatuko dute epaimahaia.
Jasotako argazkiekin erakusketa osatuko dute, eta abenduaren 16an, 19:00etan banatuko dituzte sariak: “Argazki irabazleen egileek lehiaketarekin zerikusia duten opariak jasoko dituzte, eta luntx bat izango da parte-hartzaile guztientzat”.
Gogoratu dute Gautegiz Arteagako Udalak eskubidea (ez esklusiboa) izango duela aukeratutako argazkiak “informazio zein promozio helburuekin” argitaratzeko, baita libreki erakusteko ere: “Udalak konpromisoa hartzen du argazkiaren egile edo parte- hartzailearen izena adierazteko erabiltzen diren bakoitzean. Ez zaizkie hirugarrenei lagako baldin eta egile edo parte-hartzaileak horretarako baimena ematen ez badu. Parte- hartzaileen ardura izango da hirugarren pertsonek argazkien gaineko eskubiderik ez dutela egiaztatzea”.