"Jarrera justu bakarra herri palestinarrari baldintzarik gabeko babesa ematea da"
Herritar ugarik bat egin dute eguerdian Lameran egindako elkarretaratzeagaz.
Palestinari elkartasuna adierazten ari dira egunotan han eta hemen, gaur [urriak 12] Bermeon ere batu dira horretarako. Bermeoko EH Bilduk, Eusko Alkartasunak, Sortuk, LAB sindikatuak eta Ernaik deitutako elkarretaratzea izan da. Jatorri palestinarra duen Nadia Nemeh Bermeoko alkateak hartu du hitza, bertaratutako herritar ugariren aurrean: “1948tik, eta baita lehenagotik ere, sionismoak egin gura duen genozidioari aurre egiten ari den herriari elkartasuna adierazteko batu gara. Hilketak, atxiloketa arbitrarioak, mugimenduak mugatzea, beren lur eta etxeetatik kanporatzea, kartzela eta abar dira Palestinako herriaren egunerokotasuna; are gehiago, duela 15 urte baino gehiagotik Gazan giltzapetuta daramatzaten bi milioi pertsonentzat”.
Mendebaldeko laguntzarik barik, esan du, sionismoaren “garbiketa etnikoko sarraski plana ez litzatekeela” posible izango: “Europako, Estatuko eta Euskal Herriko enpresen eta erakundeen konplizitatea funtsezkoa da Israelek duela hainbat hamarkadatik ezarrita duen okupazioari eta garbiketa etnikoari eusteko”. Alderdi politikoek okupazioaren “gero eta jarrera normalizatzaileagoak” agertzen dituztela salatu du; “ez dago distantziakidetasunik”. Hala, Israelgo Estatua normalizatzeak “genozidioa onartzea” dakarrela aipatu du: “Jarrera justu bakarra herri palestinarrari baldintzarik bariko babesa ematea da, indarkeria kolonial gogorrenaren eta sofistikatuenaren biktima baita”.
“Israelgo faxismoak Nablus, Jenin edo Gazan egindako sarraskiek gertatzen ari denaren testuinguruan jartzen gaituzte; palestinarren egoera agonikoaren testuinguruan, hain zuzen ere. Palestinarrek existitzea, erresistitzea dela ulertzen dute. Eta, erresistentzia eskubidea da; zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea da”
Aipatu du 2023a urterik “odoltsuenetakoa” izaten ari dela: “Israelgo faxismoak Nablus, Jenin edo Gazan egindako sarraskiek gertatzen ari denaren testuinguruan jartzen gaituzte; palestinarren egoera agonikoaren testuinguruan, hain zuzen ere. Palestinarrek existitzea, erresistitzea dela ulertzen dute. Eta, erresistentzia eskubidea da; zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea da”. Horregatik guztiagatik, herri palestinarra babestu besterik ezin dela egin argi daukate, “Israelgo Estatu hiltzailea eta bere euskal herritar konplizeak salatzea ezinbestekoa” dutelarik.
Atzo [urriak11], Gernika-Lumon agertu zioten babesa Palestinari. Busturialdeko Kontseilu Sozialistak deituta, elkarretaratzean batu ziren Merkurion. Astelehenean, Gernika Memoriaren Lekukok deituta, 19:30ean, Merkurion batuko dira berriro ere, Palestinari elkartasuna adierazteko.
Gautegiz Arteagako Gazte Asanbladak, berriz, biharko [urriak 13] jarri du hitzordua; Palestinarekin elkartasuna! estatu sionizta hiltzailea! lelopean, 19:30etan batuko dira Gautegiz Arteagako udaletxeko eskaileretan.