Goiko Plaza bete du merkatu txikiak
Askotarikoak daude aukeran 39 postutan banatuta, eta 18:00ak bitartean bertaratu daiteke.
Uztailean egindako merkatu txikian, azokako parte hartzaileek aterpean bilatu behar izan zuten babesa, euria egin zuelako. Gaur [urriak 12], baina, eguzki zuri ederra daukate, eta ez dute arazorik izan Goiko Plaza osotasunean betetzeko, aterperik erabili behar barik.
Goiz goizetik hasi dira mahaiak jartzen, eta bigarren eskuko askotarikoak daude aukeran 39 postutan: arropak, liburuak, koadroak, diskoak, jostailuak… Merkatu txikiak, gainera, horiek aldatzeko, trukatzeko, erosteko edota saltzeko aukera eskaintzen du.
Bigarren eskuko postuez gain, bestelakoak ere badaude, ogia edota pastelekin, bertaratutakoen gozamenerako. Goiz goizetik hasita, herritar asko ari dira kuxkuxean, eta oraindik bertaratu ez direnak, 18:00etara arte daukate aukera.