Gernikarrek jai kubatarragaz alaituko dute zapatu gaua
Frank Delgado eta Duo Jade kubatarrak izango dira zapatuko [urriak 14] protagonistak, 21:00etatik aurrera. Sarrerak Internetez edo Astran erosi daitezke, 10 euroren truke.
Doinu kubatarrez bustiko da Gernika-Lumoko Astra, zapatuan [urriak 14], 21:00etatik aurrera. Goi mailako musika talde bi arituko dira bertan, Frank Delgado eta Duo Jade, hain zuzen ere. 20:30ean irekiko dituzte ateak, eta sarrerak Astran edo Internetez erosi daitezke, 10 euroren truke.
Delgadok 90eko hamarkadan atera zuen bere lehenengo diskoa, eta 2016an aldiz, azkena, Mas izenagaz. Ordutik gelditu gabe aritu da kontzertuak ematen, Latinoamerikako ehunka hiritan, esaterako. Gainera, izen handiko hainbat musikarigaz partekatu du oholtza, besteak beste, Silvio Rodriguez, Luis Eduardo Aute, Daniel Viglietti eta Fito Paezegaz.
Kubaren eta kubatarren eguneroko arazoen kritika egiten du Delgadok bere abestietan: “Nik ez dakit nola egiten den herrialde bat, baina badakit nola ez den egiten”.
Euskal Herrian Bilboko La Casilla pabiloian abestu zuen lehenengoz 1993an, Silvio Rodriguez abeslariagaz eta, ordutik, askotan zapaldu ditu euskal lurrak. 40 urte baino gehiagoko ibilbideagaz, Kubako Trovaren erreferentzia garrantzitsuenetakoa da abeslari kubatarra.
Ia 20 urteko ibilbidea. Delgadoren musikaz gain, Duo Jade bikoteak ere beraien doinuak eramango dituzte Astrara. Brasileko doinuen eragin nabarmena daukate euren abestiek, eta baita blues, jazz, pop eta funkarenak ere, kubatar trova tradizionalagaz uztartuta.
2005ean sortu zuten taldea La Habanan Yanaysa Prietok eta Maygred F. Bourricaudyk. Prieto taldeko konpositore eta ahots nagusia da eta Bourricaudy, berriz, bigarren ahotsa eta gitarra jotzaileak. Bien ahotsak elkartu, eta esperantzari, laguntasunari eta maitasunari buruzko abestiak egiten dituzte.
Elkartu zirenetik, ibilbide luze eta oparoa eduki du bikoteak eta Euskal Herrian ere eman dituzte hainbat kontzertu, esaterako, Donostiako Daba Daba eta Altxerri Jazz Klubean.