50 bat dantzari batuko dira Ibarruriko Dantzari Egunean
Ibarruriko Ume, Gazte eta Nagusien Dantzari Eguna zapatuan ospatuko dute (urriak 14), frontoian. 19:30ean hasiko dute ekitaldi nagusia.
Urtero legez, gaur egungo Baso-Txoritxu Dantza taldeko kideekin batera, lehenagoko dantzariak ere elkartuko dira. Beste behin, herriko abesbatzeko kideek lagunduta egingo dute erakustaldia; Irene Ojanguren ariko da zuzendari lanetan. “50 bat dantzari batuko dira, eta koruko 11 kidek hainbat kanta eskainiko dituzte”. Urtero gai bat aukeratzen dute, eta ahizpatasuna eta elkartasuna da aurtengoa.
Umeen dantzagaz hasi eta amaituko dute saioa. Hain zuzen ere, taldeko umeek zapaturako prestatutako hiru koreografia eskainiko dituzte; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Minutu bat goizero kantagaz egindakoa, Zetak eta Erramun Martikorenarenaren Itzulera prestatutakoa, eta aldarrikapen feministen ereserki bihurtu den Vivir Quintana mexikarraren Sin miedo kantaren euskarazko Beldur barik bertsiogaz sortutakoa.
Gainera, berritasun modura, dantza bertikalaren erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute frontoian bildutakoek, taldeko umeek Itzulera kantaren koreografia dantzatzen duten bitartean.
Dantza tradizioanalak ere ez dira faltako. Besteak beste, helduek Xemeingo dantza eta Irradaka dantzatuko dituzte, eta umeen gurasoen taldeak, berriz, Neomak taldearen Biluzik kantagaz prestatu duten dantza.
Arte eszenikoen topagune honetan, zirku ikuskizuna ere egongo da. 2021ean arrakastatsua izan zen Zirkotekeren ikuskizuna, eta aurten ere gonbidatzea erabaki dute.
21:30ak aldera herri afarian batuko dira, eta, gero, iaz bezala aurten ere Luhartz taldekoen musikagaz dantzan borobilduko dute egun handia.
EGITARAUA:
- 19:30. Ekitaldi nagusia: Baso-Txoritxu Dantzat taldea, herriko abesbatzarekin batera.
- 20:30. Zirkoteke ikuskizuna.
- 21:30. Herri afaria.
- Ostean. Luhartz taldearen erromeria.
- Amaitzeko. Txokolatada.