"Helburua izan beharko litzateke pertsona guztien ongizatea bermatuta egotea"
IPES elkarteak Urdaibairen orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko espazioa sortu zuen atzo. Gaur egungo Urdaibairen erradiografia egin zuten eta egungo ereduaren aurrean existitzen diren alternatibei ahotsa eman zien.
Urdaibairen oraina eta etorkizuna eztabaidagai dago, eta IPES elkarteak noranzko bat edo beste hartzeko erabakiari buruz hausnartzeko espazioa sortu zuen atzo; 70 lagun inguru bertaratu ziren Astrako Urdaibai: Norantz? mahai ingurura, eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, Arlette Apraiz mugimendu feministako kideak, Aitor Bilbao Gazte Mugimenduko kideak eta Alaitz Ajuriagerra mugimendu ekologistako kideak egin zuten Urdaibairen argazkia ezagutu zuten. Denek ala denek Urdaibain bizi diren pertsonen ongizatean jarri zuten arreta: “Helburua izan beharko litzateke pertsona guztien ongizatea bermatuta egotea”.
Antolatzaileen asmoa da existitzen diren diskurtso eta ekinbideei lehentasuna eta zentralitatea ematea: “Existitzen diren diskurtsoei lehentasuna eman gura izan diegu, irudikatzeko gaur egun badaudela ezartzen diren ereduekiko alternatibak. Horien ekarpenak garrantzitsuak dira Urdaibairen noranzkoan. Urdaibai eztabaidagai dago eta guk sustraira jo dugu. Eredu baten ezarpenaren aurrean, zein beste eredu osatzen ari diren jaso gura izan dugu, horiei ahotsa eman gura izan diegu eta eztabaida kolektiborako markoa eskaini”.
Egungo Urdaibairen erradiografia egin zuten protagonistek, eta Apraizek zaintza erdigunean jartzearen beharra azpimarratu zuen. “Egungo sistema hiru oinarri nagusitan oinarritzen da: kapitalista, patriarkala eta koloniala. Horrela antolatzen dute bizimodua, eta horrek gizartea bizitzaren kontra jartzen du; pertsonak lurraren kontra jartzen dituen sistema da. Kapitala jartzen da bizitzen gainetik, eta gutxi batzuen pribilegioak gehiengoaren eskubideen gainetik kokatzen dira”, adierazi zuen.
Bizitza sostengatzen duten lanak emakumeek egiten dituztela esan, eta lan horien ezaugarri nagusia dela “errekonozimendurik ez duten lanak izatea” gogoratu zuen. “Ordaindu gabeko lanari erreparatuta, etxeko lanak emakumeen %70ek egiten dituzte. Lan egiten dugun emakumeen kasuan, lan egin ostean emakumeok bederatzi ordu inbertitzen ditugu etxean, eta gizonezkoek sei ordu eta erdi”. Pentsiodunen kasua ere plazaratu zuen sare feministako kideak: “Ordainduta zein ordaindu gabe, bizitza osoa lanean igaro duten emakume pentsiodunetan genero arrakala nabarmena da”. Hala ere, “bereziki zaurgarria” dela etxeko langileen kolektiboa adierazi zuen: “Kanpo erregimenean lan egiten duten bertoko eta atzerriko emakumeen bataz bestekoa orekatua da, baina barne erregimenean lan egiten dutenei erreparatuta, ia denak etorkinak dira”. “Bizitzen kontra” doan estrategi horren aurrean, bizitzen alde egiten du mugimendu feministak.
Bilbaok, berriz, gazteek eskualdean bizi proiektu bat egiteko duten “ezintasuna” nabarmendu zuen: “Eskualde honetan bizi proiektu duin bat gauzatzeko ezintasuna dugu”. Lan arloan gazteak “lan indar merkeena” direla esan zuten, “lan kontratu barik aritzera kondenatuta daudela esanez”, edota aldi baterako kontratuak dituztela gehituta. Eskualdean 30 urteren bueltan dagoela emantzipatzeko aukera adierazi zuen Bilbaok. Osasun mentalaren nazioarteko eguna izan zen atzo [urriak 10] eta gaixotasun psikosozialak gazteen artean “asko” hedatu zirela nabarmendu zuten.
Bermeoko alkateak Busturialdeko begirada osatua falta dela nabarmendu zuen atzo, herri bakoitzak norbere ikuspuntua jorratzen duelako, baina ideiak elkartzearen beharra azpimarratu zuen: “Batu, elkarbanatu eta hausnartutakoa goiko erakundeetara zabaldu behar dugu udaletik. Hori da lehentasuna”. Udalgintzatik politika egin daitezkeela nabarmendu zuen, baina taldean joatearen indarra azpimarratu: “Batu egin behar dira ikuspuntuak. Parte hartzea oso garrantzitsua da, elkarte asko daudelako gai ezberdinak lantzen, eta ikuspuntu horiek jaso eta benetako politikak egin behar dira”.
Ajuriagerrak, bere aldetik, bizitza bizigarriak izateko “etxe baten beharra” plazaratu zuen, eta horretarako ingurumena zaindu behar dela azaldu zuen: “Baliabide urriak dituen gunean hazkunde mugagabea bultzatzen ari gara, eta hori ez da jasangarria. Adituek diote planetaren oreka mantentzeko 9 mugen baitan lan egin behar dela, eta horietako 6 gainditu ditugu dagoeneko. Egungo eredua aldatu behar da, eta beste bide bat hartu. Ez dakigu zein den, baina badakigu eredu hau ez dela jasangarria, eta beste eredu baterako oinarria jarri behar dela”.
Alternatibak.
Lurrak muga batzuk dituela gogorarazi zuen Ajuriagerrak, eta gaur egungo eredua bizitzen kontrakoa dela berretsi zuen. “Zaintzari lotutako lanak, lehen sektora, arrantza, basogintza… horiek dira bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan bezala kontuan hartzen eta lan kutsakorrenak dira hoberen baloratzen direnak, autogintza, gerren negozioa, eneria edota obra handiak kasu. Baina errealitatea alderantzizkoa da. Zelan egiten dugu horri buelta emateko? Helburua izan beharko litzateke pertsona guztien ongizatea bermatuta egotea. Helburua ez da sektorea, helburua dira pertsonak”, hausnartu zuen. Eta, horretarako, funtsezkoan diren jarduerak definitzearen beharra eta kutsakorrenak direnak birmoldatzearen garrantzia nabarmendu zuen. “Zer behar dugun eta zelan egingo dugun erabaki behar da”.
Feministek zaintza sistema publiko eta komunitarioan dela alternatiba uste dute: “Beste zaintza eredu bat behar dugu, beste zaintza kontzeptu baten oinarrituko dena, eta epe luzeko borroka izango dena. Zaintza publikoa izatea da unibertsaltasuna bermatzeko aukera bakarra. Denok daukagu zainduak izateko eta zaintzeko eskubidea”.
Eskualdeko gazteak lan lerro bat baino gehiago lantzen ari dira, euskararen erabilera sustatzekoa, tarteko. “Datuek diote gazteen artean beherakada nabarmena egon dela euskaren erabileran, nahiz eta jakintza handitu den. %60tik %45era jaitsi da erabilera udalerrian. Arazoak erreferente falta, kalitatezko eduki falta… izan daitezke, eta kanpaina deigarri bat abiatu dugu, gazteen artean euskara sustatzeko”. Halaber, Guggenheim Urdaibairen aurka mobilizatu direla eta euren lan baldintzen alde egiten dabiltzala ere adierazi zuten.
Nemehk, bere aldetik, udaletik pedagogia egin behar dela esan zuen, eta herriko elkarteekin sareak sortu behar direla hausnartu zuen. “Herri feminista bat izan gura badugu, sare feministagaz harreman zuzena eduki behar da”. Hala ere, politika sozialak ere egin daitezkeela dio: “Zaurgarritasun egoeran daudenak babestu behar dira, eta kasuak sakonean aztertu behar dira. Argi eduki behar dugu norentzako lanean gabiltzan, guretzako ari garen, alderdientzako ari garen edo herritarrentzako lan egiten dugun”.
Guggenheim Urdaibai.
Mahai ingurua entzuten egon ziren Guggenheim Urdaibai STOP plataformakoak, eta euren aldarrikapena ere plazaratu zuten. Gainera, urriaren 28rako deitu duten mobilizazio zaratatsuan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei; 18:00etan Merkurion jarri dute hitzordua. “Gure eskualdeari buruzko erabakiak hartu gura dituzte, Guggenheim Urdaibai egin gura dute, baina erabaki horiek ez dira eskualdean hartzen, eta guk horri STOP esaten diogu”.
Eskualdeko beharrei erantzuten dien plan sozioekonomiko bat behar dela diote Guggenheim Urdaibai STOP plataformakoek: “Orain arte hainbat plan sozioekonomiko egin dira, eta Jaurlaritzak onartu egin ditu, baina ez du dirurik inbertitu plan horietan. Planak badaude, ideiak badaude eta lanerako prest dauden jendea ere badago. Hala ere, gainetik dauzkagunen baimenak behar dira, eta baimen horiek eskatu egingo ditugu. Behin eta berriro gabiltza entzuten 130 milioi euro inbertituko direla Guggenheim Urdaibai martxan jartzeko, baina diru publiko hori, gure dirua dena, ez dute eskualdean inbertituko, Guggenheim Fundazioan inbertituko dute, eta fundazioa pribatua da”.
Azken egunetako gertaeren aurrean, Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte Bermoen eta Gernika-Lumon.
Bermeon, bihar 14:00etan Lamerako harrizko bankuan batuko dira, Palestina Askatu! lelopean, eta Gernika-Lumon, astelehenerako [urriak 16] jarri du hitzordua Gernika Memoriaren Lekukok; 19:30ean Merkurion jarri dute ordua.
“Gernika Memoriaren Lekuko beti egon da okupazioaren aurka eta Palestinako herriaren alde. Urteetan Palestinaren alde lan egin dugu, eta orain ere horretan jarraituko dugu”, azaldu dute.
2023an, “oraindik indarrean dagoen okupazioa” salatu dute, eta bere erabakitze demokratikoaren eskubidea kentzen dioten Palestinarekin bat egingo dutela esan dute. “Gernika Memoriaren Lekukon erpin ezberdinak lantzen dira memoriaren bitartez, eta tarteka, internazionalismoa edo herrien aurkako erasoekiko xamurtasuna lantzen dugu. Horrelako testuinguru lazgarriak egoten direnean saiatzen gara gure diskurtsoak plazaratzen eta oraingoan ere ez gara geldirik geratuko”. Hala, Gernikatik, Gernika-Palestina Askatasuna eta Elkartasuna aldarrikatzeko mobilizazio baterako deia egin dute: “Palestinaren aldeko oihua zabalduko dugu”.