39 postu egongo dira biharko Goiko Plazako merkatu txikian
Egun osoko ordutegia izango dute, 09:00etan hasi eta 18:00ak bitartean.
Bermeoko Udalak eta Haitz Nagusije Alde Zaharreko auzo elkarteak antolatuta, merkatu txikia hartuko du Bermeoko Goiko Plazak, bihar. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 39 postu egongo dira.
Aurrekoetan egin modura, biharko merkatu txikiak ere, egun osoko ordutegia izango du, 09:00etan hasiko dira mahaietan gauzak jartzen, eta 18:00ak bitartean egongo direla zehaztu dute.
Bigarren eskuko salmahai eta postuetan arropak, liburuak, koadroak, diskoak, jostailuak eta bestelakoak aldatzeko, trukatzeko, erosteko edota saltzeko aukera egongo da. Hala eta guztiz ere, bigarren eskuko salmahaiez gain, beste postu batzuk ere egongo direla zehaztu dute antolatzaileek.
Postu batzuen atzean bermeotarrak egongo dira, baina inguruko herrietatik etorritakoek ere parte hartuko dute merkatu txikian. Goiko Plazan giro polita sortzen dela eta, herritarrak gonbidatu dituzte bertaratzera.