Urdaibairen etorkizunaz hausnartzeko "espazio kolektiboa" eskainiko du bihar IPESek
'Urdaibai: Norantz?' mahai ingurua antolatu du IPESek biharko, eta 19:00etan Astran jarri du hitzordua. Urdaibairen etorkizunari buruzko eztabaida sozialari leku bat, espazio bat, marko bat eman gura diote.
Urdaibairen oraina eta etorkizuna ezbaian dago, eta IPES elkarteak noranzko bat edo beste hartzeko erabakiari buruz hausnartzeko espazioa sortu gura du. Horretarako, Urdaibai: Norantz? mahai ingurua antolatu du biharko, eta 19:00etan Astran jarri dute hitzordua.
Urdaibain pil-pilean dauden gaiak jorratuko dituzte mahai inguruan, eta horiei buruz hausnartzeko kulturaren fabrika sozialera bertaratuko dira Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Arlette Apraiz mugimendu feministako kidea, Aitor Bilbao Gazte Mugimenduaren ordezkaria eta Alaitz Ajuriagerra mugimendu ekologistako kidea. Antolatzaileen asmoa da existitzen diren diskurtso eta ekinbideei lehentasuna eta zentralitatea ematea: “Gure asmoa da existitzen diren diskurtsoei lehentasuna ematea, irudikatzeko gaur egun badaudela ezartzen ari diren ereduekiko alternatibak eta eredu desberdinak”.
Hala, Urdaibairen etorkizunari buruzko eztabaida sozialari leku bat, espazio bat, marko bat eman gura diote. “Eskualdean bertan eraikitzen diren alternatibei entzun egin behar zaie, ze entzuten dugun bakarra da Urdaibairen arazo guztiak Guggenheim Urdaibaik konponduko dituela. Baina ikuskera desberdina dutenei ahotsa eman eta entzun egin behar zaie. Izan ere, lana eta bizitza modu duinean bideratzeko ezintasun batean bizi gara, kontua da normalizatu egin dugula, baina badakigu Autzaganetik hara lan egiten duela gehiengoak, eta hirugarren sektorea nagusi dela Busturialdean”.
Gaur gaurkoz, Guggenheimi buruzko eztabaida mahai gainean dago, baina IPESek eztabaida politiko, sozial eta instituzional horri “beste zabaltasun” bat eman gura dio. “Urdaibai eta Busturialdea modu zabal batean ulertuta, ze alternatiba egon daitezkeen aztertu gura dugu. Modu sektorialean bakoitzak bere ikuspegia dauka, baina collage bat egin gura dugu, begirada ezberdinak jasotzen dituen mihise bat sortu gura dugu, gaur egun ez daukagun ikuspegi orokor hori islatzeko balioko duena”, azaldu dute eta IPESeko antolatzaileek, eta espazio kolektiborako tarte bat eskaini gura dutela arrazoitu dute.
Ikuspuntuak.
Mugimendu feminista zaintzari buruzko lanketa egiten ari da, eta greba orokor feminista deitu du azaroaren 30erako. “Gure ustez, Urdaibairen etorkizuna zaintza erdigunean jarrita egin behar da, eta bizitza eta kapitalaren arteko talka horretan bizitzaren aldeko diskurtsoak existitzen dira, eta horiei buruzko gogoeta egin behar da”, azaldu dute.
Gazteen euren egoerari buruz egindako hausnarketak ere lehen lerroan jarri gura dituzte: “Etxebizitza eskuratzeko ezintasun bat dute, lan duin bat izateko zailtasunak dituzten errealitate batean bizi dira eta eurengan ere eragina dauka gaur egungo Urdaibairen ereduak”. Ekologisten ikuspuntua Ajuriagerrak landuko du: “Bestelako eredu soziekonomikoak planteatzen dituzte, justuagoak eta orekatuagoak direnak ingurugiroagaz. Horiei arreta jartzea dagokigu”.
Bestalde, Nemehgaz, udalgintzatik egin daitezkeen proiektuetan sakondu gura dute. “Udalgintzatik gauza asko ezin izango dira konpondu, baina gauza asko egin daitezke, eta badaude proiektu ezberdinak, egitasmo edo aukera ezberdinak. Udal osaketek errealitate desberdin bat utzi zuten, eta beste ahots batzuk entzuten dira”, diote.
Iritzi, ikuspuntu eta alternatiba horiei guztiei bide emateko prestatu dute mahai ingurua, “denon artean beste Urdaibai bat irudikatzeko”. Guggenheim Urdaibai STOP plataformakoei ere ahotsa emango diete, izan ere, eztabaidan parte hartuko dute, eta egungo errealitatez eta erronkez berba egingo dute. “Halaber, Palestina bonbardatzen ari diren honetan, gure atxikimendua adierazio diogu Palestinako herriari, modu sinboliko batean”.