Naia Laso bermeotarra bosgarrena izan da Skate Parkeko Munduko Txapelketan
Munduko txapelketa absolutu bateko bere lehen finala jokatu du bermeotarrak; bosgarren postuak 39.168 puntu oso baliotsu eman dizkio Paris 2024ko plaza olinpikoa lortzeko.
14 urte baino ez ditu Naia Laso bermeotarrak, eta Munduko txapelketa absolutu bateko finala jokatu du; lehenengoa izan da beretzat. “Erraz” bete du Ostian (Erroma) jokatu den Skate Parkeko Munduko Txapelketarako ezarritako helburua. Basque Team taldetik azaldu dutenez, lehenik eta behin, finalerdietan sartzea zen bere asmoa, 2022an Dubain erdietsitako emaitza berdintzeko. Behin kota horretara iritsita, hurrengo helburua Munduko onenekin finalean sartzea zen, eta lehia estua izatea kirol horretako izarrekin. Hala egin du, eta “maila bikaina” erakutsita, bosgarren postuan sailkatu da.
Bermeotar gazteak Sakura Yosozumi, Hinano Kusaki eta Kokona Hiraki japoniarrak, Minna Stess eta Ruby Lilley estatubatuarrak, Raicca Ventura brasildarra eta Lilly Stoephasius alemaniarra izan ditu aurkari finalean. 16 urteko batez besteko adina izan duen finaleko gazteena izan da Laso.
Lasok bere lehen seriean egin du emanaldirik onena; “oso sendo agertu da Spot Skateparkean, 86.25eko puntuzioa lortuz eta sailkapenean buruan jarrita”. Lehen txanda amaitzean, Bermeoko skaterra bigarren postuan zegoen, oraindik asko falta bazen ere.
Basque Teametik azaldu dute, bigarren saiakeran, munduko izar nagusiek “indarra hartu” zutela, maila bat igota. Lasok oreka galdu zuen bere bigarren txandan, eta 56.65 puntu lortu zituen. Hirugarren saioan berriro oreka galdu zuen, eta 15.11 puntu lortuta, bosgarren postura jaitsi zen.
Naia Lasok aurrerapauso handia eman du sailkapen olinpikoari begira. Txartel olinpikoa lortzeko lehia bigarren fasean sartuko da. Datorren urtearen hasieran Dubain puntuagarria izango den Munduko Txapelketa jokatu beharko dute. Atzoko [urriak 8] bosgarren postuari esker, Lasok 39.168 puntu “oso baliotsu” eskuratu ditu Paris 2024rako plaza lortzeko.
Bermeotarra “oso pozik” agertu da lortutako emaitzagaz, izan ere, atzerago amaituko zuela uste zuen: “Azken saioetan dena ematera atera naiz, bosgarren postutik laugarrenera ez dagoelako asko”.
Hurrengo lehiaketetan “hobeto” egiten saiatuko dela esan du: “Trukoak hobetzen saiatuko naiz, eta berriak ikasten ere, baita biraketak ere”.