2024an Solluben ospatuko da Deiadar Mendien Eguna
Zapatuan Kolitzatik entzun ziren adar hotsak. Tontorrean, Balmaseda Mendi Taldeak lekukoa eman zion Sollube 707 Mendizale taldeko ordezkari bati.
Aurten hamazortzigarrenez Deiadar Mendien Eguna ospatu zuten zapatuan. Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira Bizkaiko bost deiadar mendiak, eta aurten, Gernikako Batzar Nagusietarako deia egiten duten adar hotsak Kolitzatik entzun ziren. Tontorrean, Sollube 707 Mendizale taldeko ordezkari batek gainera, lekukoa jaso zuen aurten Kolitzarako igoera antolatzen duen Balmaseda Mendi Taldearen eskutik. Izan ere, 2024an Solluben ospatuko da Deiadar Mendien Eguna, eta Bermeoko mendi taldea arduratuko da hori antolatzeaz.
Ehundaka lagunek parte hartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen duten Deiadar Mendien Egunean; adarraren soinuak “oihartzun handia” izan zuen berriro Kolitza mendiaren tontorrean.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako ibilaldia 09:30ean abiatu zen Balmasedako udaletxeko plazatik. Partaideak Kolitzako tontorrera igo ziren (874 metro), kirol antolaketaz arduratu zen Balmaseda Mendi Taldeko kideak sarritan ibiltzen diren bideetatik. Sei kilometroko igoera egin ostean, 12:00etarako tontorrean izan ziren, adarrak jotzeko tradizioa zintzo beteteko. Adarren soinua entzun ostean, antolatzaileek jai gune txiki bat egokitu zuten tontorretik metro gutxira dagoen aterpe batean; bertan, musika, dantza tradizionalak eta igoera egin zutenentzako jan-edanak egon ziren.
Mendi ibilaldi herrikoietan “klasiko bat” bihurtu den “egun berezia” dela esan dute Bizkaiko Batzar Nagusietako arduradunek. Tontorrean egon ziren, besteak beste, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Alfonso San Vicente Balmasedako alkatea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako hainbat ordezkari. Deiadar mendietara egiten den igoera bakoitzean laguntzen duten bost mendi taldeetako kideek ere ez zuten hutsik egin: Balmaseda Mendi Taldea, talde anfitrioia; Bilboko Gailurra; Lemoako Ganzabal; Durangoko Alpino Tabira; edo Bermeoko Sollube 707.