Hazitokirentzat negozio ideia onenaren saria
Hazitokik irabazi du U-BAI Up! ekintzaileen topaketako Pitching Lehiaketako negozio ideia onenaren saria. Negozio ideia eskalagarrienaren saria Rebel Ticketsek jaso du; autoenplegura bideratutako negozio ideia onenarena, ostera, ARTL Scamperrek.
Gaur [urriak 6] U-BAI Up! eskualdeko ekintzaileen topaketa egin dute Urdaibai Ekoetxean, Busturiko Madariaga Dorretxean. Eskualdean “ekosistema ekintzailea” bultzatzea eta sustatzea helburu, eskualdearen garapen sozialerako eta ekonomikorako “guztiz funtsezkoak” diren ekintzaileak eta eragileak elkartu dira goizetik eguerdira bitarteko ekitaldian, jomuga argi eta garbiagaz: “Etorkizuneko Urdaibai sortzea”. 09:15ean eman diote hasiera egitarauari; Urdaibaiko U-BAI: Garapen Ekonomikorako Plana barnebiltzen duten egitasmoen azken urteotako aurrerapenak jendaurrean aurkeztu dituzte ekimenaren antolatzaile eta sustatzaileek. Planaren gidalerro nagusia, sustapen ekonomikoaren alorrean, esparru publikoaren eta pribatuaren arteko hartu-emanak ehuntzea dela argitu dute.
Jarraian, U-BAI Kids programak azkenaldian edukitako aurrerapenak plazaratu dituzte. Eskola adinean dauden gazteei zuzenduta dago egitasmo hori, dibulgazio lana zutabe harturik. Eskualdeko hezkuntza zentroetan beharrean diharduten zenbait irakaslek parte hartu dute Ekoetxean. 2023/2024 ikasturtean Busturialdeko zentroetan ezarri beharreko hezkuntza programei buruz aritu dira, eta euren esperientziak partekatu dituzte. Omenalditik ere eduki du egitarauak. Izan ere, U-BAI Up! ekimenaren bigarren ekitaldiak berrikuntza bat izan du: antolatzaileek eskualdearen alor sozioekonomikoan “historia egin duten” ekintzaileak omendu dituzte, U-BAI Ondarea izeneko tartean.
Horren ondoren ailegatu da eguneko gailurretako bat: Pitching Lehiaketa. Eskualdeko dozena erdi proiektu ekintzaileren ordezkariek beren negozio ideien nondik norakoak taularatu dituzte sariketan, hiru jomugaren bila: batetik, negozio ideia eskalagarrienaren 750 euroko dirusaria; bestetik, autoenplegura bideratutako negozio ideia onenarena, hori ere diru kopuru berekoa. Horiez gain, sari nagusia, negozio ideia onenarena; 1.500ko dirusaria izan da azken hori. Kolore guztietako proiektuak aurkeztu dituzte Ekoetxean: Iñigo Landak, Urdaibai Experience; Eunice Ortizek, Arteleku; Nekane Ramirezek, Hazitoki; Ionut Strugaruk, ARTL Scamper; Nerea Astobizak, Rebel Tickets; azkenik, Ander Guerrerok, Inkha Engineering. Parte hartzaileetako bakoitzak zazpi minutuko tartea eduki du bere ideia oholtzaratzeko, eta aurkezpenetarako txandak ausaz erabaki dituzte.
Sariketako irabazleak, Hazitokik, “benetako integrazioa” lantzea du oinarri
Aurkezpen txandaren ostean, epaimahaikeek Gernika-Lumoko Hazitoki ekimena hautatu dute txapelketako irabazle, eta Ramirezek jaso ditu, horrenbestez, negozio ideia onenari dagozkion 1.500 euroak. Hazitoki zirku bidezko gizarteratzearen inguruan ardazturiko proiektua da, “gai ez direla entzun behar izaten dutenena”. 2021ean sortu zen, Txitatoki Zirku Eskolaren gerizpean, irabazi asmorik gabeko talde modura. “Benetako integrazioa” lantzen dute: “Denei aukera berberak emanez, autonomia jorratuz eta bizi kalitateari erreparatuz”. Egun arte, Hazitoki Topaketak izan dira beraien finantziazio iturria eta, ondorioz, atoan argitu dute dirusaria zertarako abiapuntu izango den: “Hiru eta sei hilabete artean, monitore bat kontratatu gura genuke, geure zerbitzu eskaintza aberastu, eta material didaktikoa jaso. Oro har, logopedez, fisioterapeutez edota psikologoez gain, beste laguntza mota bat eskaini ahal izatea da gure asmoa”.
Negozio ideia eskalagarrienaren saria Nerea Astobiza bermeotarraren Rebel Tickets proposamenak poltsikoratu du. Egitasmo horrek aurretiaz erositako sarrerei “bigarren bizitza” ematea du oinarri. Orain arte sare sozialen medioz aritu dira. Antolatzaileen eta bezeroen harteko arrakala apalduz, ticketplace bat sortu gura dutela argitu du bultzatzaileak. Era berean, beren aplikazioa sortzeko bidean daude. Jatorria gau giroko aisialdian eduki arren, Urdaibaiko aisi eredura “guztiz moldagarria” den proposamen legez bataiotu du ordezkariak bere proiektua. Autoenplegura bideratutako negozio ideiarik onenari dagokionez, ARTL Scamperrek jaso du. Strugaruk, bere ordezkariak, Errumanian, AEBn, Frantzian edota Euskal Herrian jasotako jakintzak plazaratu ditu, eta horiek furgoneten, camperren edota bestelakoen muntaiara, diseinura eta aholkularitzara aplikatu. Eskualde mailan, merkatu hori “ustiatu barik” dagoela adierazita, “harrotasun handiz” batu du saria.
Proposamenen aniztasunaz. Gainontzeko proiektuei helduta, Landaren Urdaibai Experience izenekoak bisita turistiko gidatuak dauzka oinarri, eta “formatu berria” ematea, ostera, helburu. Urdaibai Travel & Expecience bulegoa zabaldu berri dute Gernika-Lumon, eta orain mundu mailako bisitak egin guran dabiltza, hazkunde hori tokiko beharginekin eginez. Ortizen Artelekuk, bere aldetik, ekoizpen artistikoa eta grafika tailerrak ustiatzea du helburu. Erakunde, enpresa eta kultur taldeekin elkarlanean dihardu, “arteagaz sormena eta arlo psikologikoa onduz”. Eskualdeko testuinguru kulturalean “bete-betean murgiltzea” du xede Ortizek.
Guerreroren Inkha Engineering izan da aurkeztutako azken proposamena. “Hemengo arazoak hemengo baliabideekin konpontzea” lelopean, jasangarritasuna, tokian tokikotasuna eta bertako baliabideak erabiltzea barnebiltzen dituen ingeniaritza etiko proiektua aurkeztu du. Besteren artean, diseinu kontzeptuala, industriala, fabrikazioa, ikerketa garapena edota material prozesu ingeniaritza lantzen ditu Inkhak. Negozio ideiaren etorkizunerako erronkak, berriz, finantzaketa, egonkortzea eta kontratazioa direla aurreratu du.
Lehiaketako urduritasunaren ostean, parte hartzaile guztiek eta bertaratutako kide denek talde argazkia egin dute eta, iazko lehen ekitaldian egin legez, talde bazkariagaz borobildu dute ekintzailetza, ilusioa eta saretzea ezkondu dituen egitaraua.