Bermeo Batera ekitaldi solidarioaren barruan, Bermeoko Ziklistek 24 orduko erronka hasi dute
Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako dirua batzeko antolatu dute lehenengoz Bermeo Batera, eta aste honetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Eguaztenean eta atzo hitzaldiak eskaini zituzten, eta, gaur arratsaldean [urriak 6], berriz, 24 orduko erronkari ekin diote Bermeoko Ziklistek..
Bermeoko Izaro Bikers taldekoek lagunduta, 17:00ak puntuan atera dira Lameratik. Aurretik, Alkartasuna Dantza Taldekoek agurra eskaini diete, eta udalerriko Erraldoien Konpartsako kideek ere babesa agertu diete.
30 bat txirrindulariko taldeak hasi du erronka. Bermeotik Gernika-Lumora abiatu dira, eta han, herrigunea zeharkatu ostean, Mungiarako bidea hartu dute. Muxikaraino motorzaleak izan dituzte bidelagun. 24 ordutan 70 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta bertako zein inguruko txirrindulariak batuko zaizkie zenbait ordutan txandak egiteko. Esaterako, Gernika-Lumoko Aixerrotape Zikloturista Elkartekoak bihar goizean Mungiara joango dira eurekin elkartzeko.
Gaixotasun arraroak dituzten umeen senideek osatzen dute Eutsi Gogor Danok Batera elkartea, eta egunotan jasotako ekarpenak umeen terapiak ordaintzera bideratzeko izango dira; izan ere, batez ere, “gizarte segurantzak estaltzen ez dituen terapiak ordaintzeko” laguntza eskaintzen die familiei elkarteak. Egunotan Bermeoko kirol eta kultur talde eta enpresa ugarik zein herritarrek bat egin dute gaixotasun arraroak ikustarazteko helburua daukan elkartearentzako dirua batzeko ekimenagaz. Besteak beste, herriko hainbat tabernetan txirrindulari profesionalen maillotak jarri dituzte, eta horiek zozkatuko dituzte. Eta asteburuko ekintzetan herritarrek borondatea uzteko itsulapikoak egongo dira.
Bihar herri lasterketagaz hasiko dute eguna, eta umeei zuzendutako herri kirolak ere izango dira. Eguerdian, berriz, umeentzako jolasak, eskulanak eta buztina lantzeko tailerrak eskainiko dituzte. 15:00ak alderako marmitako herrikoia prestatuko dute, eta 24 orduko erronka egin ostean, txirrindulariei harrera beroa eskainiko diete. Eguna musikagaz borobiltzeko, AIAMA, Miss Baker, The Uskiās eta Tximino talden kontzertuek osatuko dute Bermeo Batera festibala.
ASTEBURUKO EGITARAUA:
- Urriak 7, zapatua. Lameran.
ā 11:00. Herri lasterketa eta herri kirolak umeentzat.
ā 12:00. Umeentzako jolasak, eskulanak eta buztina lantzeko tailerrak.
ā 12:30-14:00. Xaibor.
ā 13:00. Bermeoko Abesbatzaren kalejira.
ā 13:00. Josepa kale kaleren kalejira.
ā 15:00. Marmitako herrikoia.
ā 17:00. 24 orduko erronkako txirrindulariei harrera Bermeoko Erraldoien Konpartsak eta Izaro Bikersek lagunduta.
ā 18:00. Bermeo Batera festibala AIAMA, Miss Baker, The Uskiās eta Tximino talden kontzertuekin.
- Urriak 8, domeka.
ā 10:30-12:30. Rapela, tirolina, ur jokoak eta Motx pailazoa, Goiko Plazan.
ā 12:30-14:30. Boxeo eta gimnastika erakustaldiak, Lameran.
ā 14:30. Oparien zozketa, Lameran.