Badator Euskal Jaia
Hamalaugarrenez, Euskal Jaia ospatuko dute bihar Gernika-Lumon. Hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko egunean, Lilibertsoko ordezkariak igoko dira kultur etxeko balkoira, eta handik botako dute jai hasierako pregoia.
Euskal izaera, kultura eta ohiturak plazaratzeko eguna da urriko lehenengo zapatua Gernika-Lumon. Goizetik hasita, euskal ohituren agertokia izaten da udalerria, eta tradizioek jantziko dute oraingoan ere bihar, Euskal Jaia.
Hamalaugarren urtez, baserritar arropak armairuan aurkitu eta horiek jantzita aterako dira herritarrak kalera, eta Urdaibai Kantaguneari erreleboa hartuta, Lilibertsoko kideak izango dira egunari hasiera emateaz arduratuko direnak. Euren ibilbidea, parte hartzea zein Euskal Jaia prestatzeko izan duten konpromisoa nabarmendu gura izan dituzte antolatzaileek: “Parte hartzeko prest daude beti”. 12:00etan, kultur etxeko balkoira aterako dira, eta pregoia bertsoz botako dute. Irrintzilariak, dantzariak eta erraldoiak ere bertan egongo dira.
Euskal Jaia, baina, txupina bota aurretik hasiko da, Azoka Bereziaz gozatzeko aukera izango baitute gernikarrek Merkatu plazan. Sukalkia protagonista izango duen azokako ateak 09:00etan zabalduko dituzte, eta baserritarren zein ekoizleen produktuak dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Artisauek ere euren produktuak izango dituzte salgai.
Pregoiarekin batera, baina, jai giroak hartuko du udalerria. Kantuz eta doinuz beteko dituzte txoko guztiak kantuzaleek. Urdaibai Kantaguneaz gain, hainbat udalerritakoak bertaratuko dira, eta ahots guztiek bat eginda abestuko dituzte euskal kulturan ezagunak diren kantuak. Kalerik kale ariko dira, Foruen plazan hasi, Pasealekuko eskailereta joan, Barrenkale kaletik igaro eta Domingo Alegria plaza igaroz. Antolatzaileek zehaztu dute 500 kantuzale inguruk musikaz jantziko dutela Gernika-Lumo.
Euskal tradizioari jarraiki, euskal dantzak ere ikusi ahalko dira udalerrian. Elai-Alaikoek, urtero legez, udalerriko kaleetan dantzatu dute, eta, saioagaz amaitzeko, Erregelak dantzatuko dituzte Merkurion. Euskal Jaia antolatzen hasi zirenean, erregelak berreskuratzeko helburua jarri zuten, euskal tradizio eta dantzak balioan jartzeko asmoz.
Arratzuko Piratak Herri Kirol taldekoen eskutik, herri kirolen erakustaldia ere ez da faltako Artekale kalean.
500 lagun herri bazkarian.
Urtero legez, Merkatu plazara joango dira herritarraz bazkaltzera, eta, aurten lehenengoz, bazkariaren ostean Segundo Olaetako Musikariek eta kantuzaleek girotuko dute egonaldia. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 500 lagunek eman dute izena bazkarian, eta 450 inguru Euskal Herriko kantuzaleak izango dira.
Iluntzean, Kalapitakako musikariek girotuko dituzte kaleak, eta gauen, berriz, Muxutruk taldeak hartuko du horien lekua Pasealekuan. Euskal hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko jaia da biharkoa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Egitaraua.
09:00. Azoka berezia: sukalkia Merkatu plazan.
12:00. Pregoia kultur etxean, Lilibertsoren eskutik.
Ostean. Agurra eta txupinazoa.
Gero. Kupel zabaltzea, sagardo eta intxaur eskaintza eta taloen txosna, Merkurio iturrian.
Bitartean. Kalejira Urdaibai Kantagunearen, Elai Alai Dantza Taldearen, Segundo Olaeta Musika Eskolaren eta Gazteak taldeen eskutik.
12:30. Gargantua.
13:00. Herri kirolen erakustaldia Artekalean, Piratak Herri Kirol Taldearen eskutik.
13:30. Erregelak, Elai Alai Dantza Taldearen eskutik, Merkurio inguruan.
15:00. Herri bazkaria, Merkatu plazan.
Ostean. Kantak eta Dantzak parte hartzaileen eskutik, SOMEko Koru Konboak lagunduta.
19:30. Kalapitakak alaituta, kalejira Merkatu plazatik hasita.
21:30. Erromeria: Muxutruk taldearen eskutik, Pasealekuan.