"18 urtetik behera kirola egin dutenen %78k biolentziaren bat sufritu du"
Kirolean eta aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta horri aurre egiteko protokoloa sortu du Allende Salazar Guraso Elkarteak.
Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak (LOPIVI) dio “benetako jarduketa baten beharra” dagoela adingabeek euren garapen pertsonala ingurune seguruetan gauzatuko dutela bermatzeko, eta lege hori jarraiki, Kirolean eta aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta indarkeria horri aurre egiteko protokoloa sortu du Allende Salazarreko IGEk. Lege horren 48. artikuluari jarraituta eta guraso elkartea “haurrekin kirol eta aisialdi jarduerak egiten dituen erakundea” dela aintzat hartuta erabaki dute protokoloa sortzea.
Elkarteko kidea da Nahia Idoiaga psikologian doktore eta EHUko irakaslea, eta Allende Salazar Ikastetxeko protokoloaren sortzaileetako bat izan da. “Haurrak eta nerabeak biolentziatik babesteko legea da LOPIVI, eta arlo ezberdin asko dauzka. Eskoletan protokoloak ezarri behar direla dio, eta hezkuntza arautuan ezarrita dauden arren, eskola kirola eta aisialdiari ere egiten dio erreferentzia, baita 18 urtetik beherako gazteekin lan egiten duten klubei ere. Arlo horretan jartzen du beharrezkoa dela, irailetik aurrera, 18 urtetik beherakokoekin lan egiten duten klub denek haurren biolentzien kontrako protokolo bat edukitzea, eta protokolo horrez gain, Haurren Babeserako Ordezkaria izatea ere bai”, azaldu du Idoiagak.
Klubek derrigortasuna dute, baina guraso elkarteak non kokatzen dira? “Eskola kirolaz normalean IGEkoek arduratzen dira eskoletan eta, ondorioz, Allendekook erreferente izatea erabaki genuen, izan ere, baditugu baliabideak horretarako. Baina guk protokoloa baliabide ireki bat izatea nahi dugu, eta udalerriko gainerako ikastetxeen edo ingurukoen esku jarriko dugu, oinarri bat eskaintzeko. Kirol jarduerak aintzat hartzen dira, baina baita bestelako jarduera batzuk ere”.
Izan ere, hurrengo betebeharrak dituzte adingabeekin kirol edo aisialdia jarduerak egiten dituzten erakundeek: administrazio publikoek kirolaren eta aisialdiaren esparruan zehazten dituzten protokoloak aplikatzea; monitoretza sistema bat ezartzea, adingabeen babesari lotutako protokoloak betetzea bermatzeko; eta Haurrak Babesteko Ordezkariaren izendatzea, adingebeak beren kezkak adieraztera joan daitezen eta hura arduratu dadin ezarritako protokoloa zabaltzeaz eta betetzeaz. Halaber, erakunde horiei dagozkie kirola, kultura eta aisia adin, arraza, desgaitasun, sexu identitate edo genero adierazpenagatiko diskriminazio agertoki izan ez daitezen neurriak hartzea. “Beraz, Allende Salazar IGEren ardura da haurrak eta nerabeak babesteko ordezkaria izendatzea, gazteen aurkako indarkeria egoerak hautemateko protokoloak sortzea eta adingabeen aldetik egon daitezkeen indarkeria salaketak bideratzeko eta komunikatzeko guneak sortzea”, ondorioztatu du Idoiagak.
Izan ere, protokoloaren helburua da “beharrezko” neurriak hartzea kirola eta aisialdia indarkeriarik gabeko eta tratu onean oinarritutako espazioak sortzeko eta jarduerak adingabeen eskubideak eta duintasuna errespetatuz egitea, “haien garapen osoa bermatuz”. Hartutako neurrien ezarpena, jarraipena eta ebaluazioa bermatuko duen antolaketa egitura bat sortzea ere bilatu dute.
Iker Bilbao eskola kiroleko arduraduna da Allende Salazarren, eta protokoloa edukitzea “oso baliagarria” dela uste du: “Protokoloa izateaz gain, umeengandik, monitoreengandik edo gurasoengandik aparte dagoen Haurren Babeserako Ordezkaria izatea garrantzitsua da, inpartziala delako”.
Protokoloa “oso zabala” dela gehitu Idoiagak, hainbat arlo jorratzen dituela esanez: “Prebentzioa lantzen du, kontzientziazioa bultzatzen du, eta jokabide kodeak ere jasotzen ditu. Kirolean biolentzia etorri ahal da entrenatzaileetatik, haurren parekoengandik zein gurasoengandik. Hori guztia identifikatuta egon behar da, eta protokoloko jokabide kodeek helburu hori zehazteko balio dute”, gehitu du.
Biolentzia kirolean
“Gure helburua da mahai gainean jartzea kirolean haurrenganako biolentzia badagoela, egon daitekeela eta egon dela. Izan ere, estatistiken arabera, Espainiako estatuan, 18 urtetik behera kirola egin dutenen %78k biolentzia jaso du, behin behintzat. Eta, gainera, datuek diote biolentzia batzuk, fisikoa kasu, gehiago ematen direla kirola egin dutenengan, egin ez dutenengan baino. Horrek ez du esan nahi kirola txarra denik, ez eta leku biolentoa denik ere, baina erakusten du presente eduki behar dugun arloa dela”, azpimarratu du Idoiagak.
Abusu sexualei dagokienez, Idoiagak dio bost umetatik batek sexu abusuak jasotzen dituela bere umezaroan: “Oso datu mingarriak dira, eta zenbaki hutsak dirudite, baina horiek kontuan edukita, eta Allenden mugitzen den jende kantitatea kontutan izanda, horrelako protokolo bat egitea garrantzitsua da; ahal dugun guztia egin behar dugu”.
Idoiagak azpimarratu du garrantzitsua dela haurrei sinestea: “Protokoloak jasotzen du edonork horrelako biolentziaren bat salatuz gero, sinetsi egin behar zaiola. Izan ere, ikerketek diote sexu abusuen kasuan, hori sufritzen dutenen %90ek ez duela inoiz ezer kontatuko. Hala ere, ikerketa horien arabera, kontatzen duten horien %60ri ez zaie kasurik egiten, bereziki umeak direnean kontatzen dutenei. Beraz, oso garrantzitsua da sinesgarritasuna ematea biolentzia errelatatzen duen umeari, baina baita haur zirela biolentzia jaso zutela esaten dutenei ere”. Estatistiken arabera, umezaroan biolentzia sufritu dutenak 30 urtetik aurrera dituztenean hasten dira kontatzen txikitan bizitakoak. “Nik uste dut prozesu bietan sinesgarritasun gutxi ematen zaiela salatzaileei, eta, bigarren horiei laguntzeko guraso elkarteak ezer egin ezin duen arren, umeei laguntzeko egin dezake. Hala, kasuak protokolo batean sartzen baditugu, eta zer egin behar den jakinez gero, bermatu egingo da salatzaileei sinestea. Izan ere, gerta daiteke kirolean bertan emandako biolentziak identifikatzea, edota umeak etxean jasotzen duena errelatatzea aisialdiko jarduerak egin bitartean”.
Protokoloa ez dela horren guzti horren “konponbidea” izango dio Idoiagak, baina “hasierako pauso” bezala balio dezakeela uste du: “Jendeak ze neurri hartu behar diren jakitea garrantzitsua da, ez dakigulako askotan nora jo behar dugun horrelako kasuetan. Horregatik, Haurren Babeserako Ordezkaria sortu dugu, eta pertsona horrengana edonork jo ahal izango du, bere zalantzak argitzeko. Hasierako bide bat da, ‘zer egin ahal dot’ galderari erantzuten diona”. Eskolan dauden ume guztiak babestuko dituen zerbait sortu gura izan dute guraso elkartekoek: “Horregatik, protokoloa familien artean zabalduko da, eta bereziki landuko dira jokabide kodeak”.
Egoera bat ematen denean zelan jokatu behar den dakar protokoloak, baina hori “zati oso txikia” da. “Protokoloak, bereziki, prebentzioa lantzen du. Jokabide kode horiek askotan prebentzioa ere badira. Balio dute jakiteko zer egin daitekeen eta zer ez. Protokoloa bera prebentzio neurri bezala ulertzen dugu, bada bide bat erakusteko hau errealitate bat dela, gertatu egiten dela eta horri aurre egingo diogula”.