Literatura saio feministak antolatu dituzte Busturian
Lau saio izango dira, urrian hasi eta urtarrilera bitartean. Parte hartzeko izena eman behar da.
Literatura munduan agertzen diren matxismoaren isladak aztertuko dituzte Busturiko Udalak antolatu dituen literatura saio feministetan. Emakumeen Kontseiluak proposatuta antolatu dituzte saioak, “liburuetan ere matxismoa nagusi dela ikus daitekeelako”.
Lau saio antolatu dituzte urrian hasi eta urtarrilera bitartean: urriak 18, azaroak 22, abenduak 20 eta urtarrilak 24. Saioak 17:30etik 19:00etara izango direla zehaztu dute, eta Altamirako kultur etxean batuko dira. Literatura saio feministetan parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Altamirako kultur etxean bertan, eta urriaren 11 (eguaztena) dute horretarako azken eguna.
Saio bakoitzerako liburu bat daukate aurreikusita. Urriaren 18an landuko duten liburua Victoria Masen El baile de las Locas izango da, eta parte hartzaileek irakurrita eroan beharko dute liburua, ondoren saioan landu eta eztabaidatzeko. Liburua liburutegian bertan eskatu daitekeela zehaztu dute.
Hurrengo saioetarako liburuak honakoak izango dira: Luisa Carnesen Tea Rooms, Goiatz Labandibarren Amez eta Mariluz Estebanen Haragizko Erreformak.