Hilaren amaierara arte eskatu daitezke euskara ikasteko udalak ematen dituen laguntzak
Gidabaimena euskaraz prestatzeko diru laguntzak ere emango dituzte.
Bermeoko Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza horretan prestatu eta azterketa egiteko. Dagoeneko zabalik dago diru laguntzak eskatzeko epea, eta urriaren 31era arte egin daiteke Berhaz bulegoan.
Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, horien onuradunak izango dira ikasturtean edo udan homologatuta dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira.
Eskatzaileek, hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa amaitzea.
Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere dirulaguntza eskuratu ahalko dute: gehienez %60koa, kasu horretan. Gainontzeko ikasleek, berriz, gehienez, matrikularen %50a jaso ahalko dute.
Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, berriz, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko dute. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten herritarrek, gehienez, matrikularen %70a ordaintzeko laguntza jaso ahalko dute. Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere dirulaguntza eskuratu ahalko dute: gehienez %60koa, kasu horretan. Gainontzeko ikasleek, berriz, gehienez, matrikularen %50a jaso ahalko dute. Bermeoko Udalak ematen dituen dirulaguntza hauek, gainera, bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.
Bestalde, Bermeoko Udalak autoa gidatzeko baimena ateratzeko klaseak eta azterketak euskaraz egin izana ere lagunduko du. Eskatzaileek, eskaera orriaz gain, NAren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz hartu eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte Berhaz bulegoan. Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten horiek Bermeoko Udalaren 150 euroko laguntza jasoko dute. Honakoak dira baldintzak: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta edukitzea eta Bermeoko Udalagaz zorrik ez edukitzea.
Informazio gehiago gura duten horiek, 94-617 91 22 telefono zenbakira deitu edo euskara@bermeo.eus posta elektronikora idatzi dezakete.