U-BAI Up! eskualdeko ekintzailetza topaketa hartuko du Ekoetxeak
Eskualdeko ekintzailetza bultzatzea eta alor publiko nahiz pribatuen arteko saretzea bultzatzea ditu helburu egitasmoak. Eskualdeko ekintzaileen Pitching Lehiaketa ere egingo dute.
Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxea Urdaibaik U-BAI Up! izeneko eskualdeko ekintzaileen topaketaren bigarren ekitaldia hartuko du barikuan [urriak 6], goizetik eguerdira bitartean. Eskualdean “ekosistema ekintzailea” bultzatzea eta sustatzea helburu izanda, eskualdearen garapen sozialerako eta ekonomikorako “guztiz funtsezkoak” diren ekintzaileak eta eragileak elkartuko dira ekitaldian, eta goiz osoko egitaraua edukiko dute horretarako, jomuga argi eta garbiagaz: “Etorkizuneko Urdaibai sortzea”.
09:15ean emango diote hasiera aurtengo ekitaldiari. Lehenengo eta behin, Urdaibaiko U-BAI: Garapen Ekonomikorako Plana barnebiltzen duten egitasmoen azken urteotako aurrerapenak jendaurrean aurkeztuko dituzte antolatzaileek; hori egiteko ardura edukiko dute, hain zuzen ere, U-BAI Faktoriako, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek, esparru publikoaren eta pribatuaren arteko hartu-emanak “garrantzi benetan nabarmena” baitauka sustapen ekonomikoaren alorrean. Horrenbestez, eskualdeko ekintzaileak, hezitzaileak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak euren artean saretzea eta etorkizunera begira “urratsak egiten jarraitzea” bilatuko dute antolatzaileek.
U-BAI Faktoriako presidentea erakunde horren helburuez eta aurrerapenez mintzatuko da lehendabizi. Venture builder itxurako plana da Faktoria, eta Start Up-en sorrerara nahiz erakarpenera dago bideratuta bereziki. Gainera, bai negozio ideien sorreran, bai beraien finantzaketa prozesuan, inbertitzaileen inplikazio “handia” dute, eta, era berean, arreta ipintzen du eskualdeko espezializazio sektoreengan. Bestalde, U-BAI Up! ekitaldiak mahai inguru bat ere edukiko du. Bertan parte hartuko dute, hain zuzen ere, ondorengo hizlariek: Artizarra Fundazioko zuzendari Amaia Jugok, Ashoka Spain-eko zuzendari Irene Milleirok eta Itsasmendi upategiko ordezkari Garikoitz Riosek.
U-BAI Kids izeneko programak egindako aurrerapenak ere plazaratuko dituzte
U-BAI Kids programak azkenaldian eduki dituen aurrerapenei buruz ere mintzatuko dira bihar. Eskola adinean dauden gazteei bideratuta dago programa hori, eta kultur ekintzailetzaren inguruko dibulgazio lana egitea du ardatz. Eskualdeko hezkuntza zentroetan beharrean diharduten zenbait irakaslek parte hartuko dute Ekoetxean; 2023/2024 ikasturtean Busturialdeko zentroetan ezarri beharreko hezkuntza programei buruz mintzatuko dira, eta euren esperientzia zein izan den kontatuko dute.
Omenaldirako tartea. U-BAI Up! ekimenaren bigarren ekitaldiak, beste alde batetik, berrikuntza nabarmen bat edukiko du: U-BAI Ondarea izeneko atala. Antolatzaileek eskualdearen alor sozioekonomikoan “historia egin dutenak” omenduko ditu bihar, urteetan egindako lana eskertze eta aintzat hartze aldera.
Eskualdeko dozena erdi proiektuk parte hartuko dute Pitching Lehiaketan
Jarraian, eskualdeko ekintzaileen Pitching Lehiaketak emango dio amaiera egun osoko ekitaldiari. Bertan, eskualdeko dozena erdi proiektu ekintzailek beren negozio ideiaren nondik norakoak kontatuko dituzte. Aurreproiektu horien maila, potentziala eta bideragarritasuna ebaluatuko ditu hiru partaidez osatuta egongo den epaimahai batek. Sariak ere banatuko dituzte; kategoria desberdin bakoitzeko, hiru saritu egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Eguna borobiltzeko, talde bazkaritan elkartuko dira bertaratzen diren parte hartzaileak nahiz euren laguntzaileak; 14:30ean ipini dute bazkaritarako hitzordua.