Sollubeko mendizaleak Deiadar Mendien Egunera doaz zapatuan
Kolitzan, Balmaseda Mendi Taldeak lekukoa emango dio Sollube 707 Mendizale taldeko ordezkari bati, datorren urtean Sollubetik entzungo baita adar hotsa.
Kondairak kontatzen duen adarraren soinua entzungo da aurten Kolitzatik, zapatuan [urriak 7]. Gernikan egiten ziren bileren deialdia iragartzen zuen adar hotsa entzungo da, hortaz, Kolitzan ospatuko den Deiadar Mendien Egunean. Hamazortzigarren aldia izango da aurtengoa, eta Sollube 707 Mendizale Taldekoek bertara joateko irteera antolatu dute. Aipatu dutenez, 08:00etan abiatuko dira azokako autobus geltokitik. Deiadar Mendien Egunera joan gura dutenek, sollube707@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute.
Sollube 707 Mendizale taldeko ordezkari batek gainera, lekukoa jasoko du aurten Kolitzarako igoera antolatzen duen Balmaseda Mendi Taldearen eskutik. Izan ere, 2024an Solluben ospatuko da Deiadar Mendien Eguna, eta Bermeoko mendi taldea arduratuko da hori antolatzeaz.
Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira Bizkaiko bost deiadar mendiak. Pandemiaren ondorioz, bi urtez bertan behera geratu ostean, iaz Gorbeian ospatu zuten Deiadar Mendien Eguna.
Parte hartzaileak Kolitza tontorrera igoko dira, 12:00etan adarrak jotzeko ohitura zintzo bete asmoz. Balmasedako udaletxeko plaza izango dute abiapuntu, eta Enkarterriko mendiaren tontorrean dagoan San Roke baselizaraino iristeko sei kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Adarren soinua entzun ostean, antolatzaileek jai gune txiki bat egokituko dute tontorretik metro gutxira dagoen aterpe batean; bertan, musika, dantza tradizionalak eta igoera egiten dutenentzako jan-edanak egongo dira.
2004an martxan jarritako tradizioa da honakoa, eta Bizkaiko Batzar Nagusietatik gogorarazi dutenez, urtez urte, deiadar tontor desberdinetatik lekualdatzen den adarra erabiltzen dute.