Izaro Sub klubekoek Euskadiko Txapelketa irabazi, eta errekorra ezarri dute
Taldekako Euskadiko Txapelketa hamahiru taldek lehiatu zuten zapatuan [irailak 30], Orion. Bermeoko Izaro Sub klubeko Lander Aurrekoetxea, Irkus Lopez de Abetxuko eta Jon Mikel Bikandi puntuazio “oso onagaz” geratu ziren txapeldun. Hain zuzen ere, errekorra ezarri zuten. Txapelketa irabazita, 2024ko Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela eskuratu dute.
50. 620 puntu lortu zituzten. “Halako puntuaziorik ez du inork lortu orain arte”. Hamazortzi arrain arrantzatu zituzten, horietatik hiru tamaina handikoak; txapelketako arrain handiena izan zen 11 kilo eta erdiko burbinaz gain, bi lupia hartu zituzten, bata ia 4 kilokoa eta bestea 3 kilo pasatxokoa: “Muxarrak, krabarroka, lazuna eta txapelketetan ohikoak direnak ere hartu genituen”.
Real Sociedad A taldeko David Tartane, Aitor Garcia eta Ivan Valencia geratu ziren txapeldunorde, 33.380 puntugaz, eta Urtabi klubeko Patxi Unda, Pedro Martin eta Javier Salgado sailkatu ziren hirugarren, 25.265 puntugaz.
09:00etan hasi zuten txapelketa, eta sei bat ordu iraun zuen. Urpekariak Orio eta Zumaia arteko eremuan aritu ziren, eta Bermeoko klubekoek esan dutenez, eurek “hasieratik ondo” aritu ziren, eta “arrain handiekin eguna errematatu” zuten: “Arrain kopuru handi bat hartu, eta, gainera, bi edo hiru handiak badira, oso gaitza da besteek irabaztea”.
Klub batzuetatik talde batek baino gehiagok parte hartu zuten, baina Izaro Subetik eurak izan ziren ordezkari bakarrak, eta azaldu dutenez, “sei bider irabazi dute Euskadiko Txapelketa”. Esaterako, iaz etxean bertan nagusitu ziren.