Fantasiaz betetako azoka
Ximon Agirre artistak sortu du aurtengo kartela, eta esan du kartelaren ideia nagusia "mundu propio bat sortzea" izan dela, azokaren elementu propioak "pertsonaia fantastikoekin uztartuz". Aurten ez da azoka birtualik egongo, "aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa" egin baitute.
Fantasia DA ! lemapean aurkeztu dute 58. Durangoko Azoka, gaur [urriak 4], Landakon. Hain zuzen ere, fantasiaren gaia ardatz hartuta Ximon Agirre artista hernaniarrak sortu du aurtengo kartelerako irudia. Hala, abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azoka fantasiaz beteko dela hitzeman dute: “Dagoeneko 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da”.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak adierazi du kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea espero dutela: “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, Euskal gure fantasia”. Hain zuzen, lema horixe izango da: Fantasia DA!. Ideiaren atzean dagoen diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.
Agirrek “ilusio handiz” hartu zuen aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, Durangoko Azoka kulturaren erakusleiho “handi bat” delako, baita bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak ere egin izan dituelako. Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. Azaldu duenez, artelanaren ideia nagusia “mundu propio bat sortzea” izan da, azokaren elementu propioak (liburuak,
musika, bideogintza, teknologia berriak…) “pertsonaia fantastikoekin” uztartuz: “Azokaren mundua sortzea izan zen lehen ideia; sormenaren zikloa irudikatzea nahi izan dut eta hortik sortzen da unibertso guztia”. Hiru dimentsioko “irudi sakona” da gaur aurkeztu dutena, errealitate birtualean landua: “Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko”.
Proposamenak. Gerediaga elkarteko presidenteak esan bezala, egitaraua prestatzen hasita daude guneetako antolatzaileak, eta “deneriko eskaintzak” egongo dira Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran,
Szenatokian eta Talaian. Beste urte batez, hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, eta poesia ez dira faltako. “Eta, emozioak, grazia fantasia ere bai”, gaineratu du.
Hain zuzen ere, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak gogoratu du urriaren 15era arte zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, www.durangokoazoka.eus webgunean.
Bestalde, azaldu dute aurten Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango dela, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua eskainiko dute, eta bertaratu ezin diren ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute. “Ikasle Goiza izan arren, azoka bisitari guztientzat zabalik egongo da”.
Azoka birtulaik ez. Era berean, Gaztelurrutiak azaldu du “online ereduaren leihoa itxi” dutela, aurten “aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa” egingo dutela. Izan ere, pandemiak eragindako egoerak behartuta, 2020an online azoka ipini zuten martxan, eta 2021ean, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean. “Iaz, onlineko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. Pertsiana ez dugu guztiz bota, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”.
Zu non, han DA! Bestalde, Azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaio. Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Hauetako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dituztela iragarri dute: “Liburu saltokientzat izen-ematea asteon zabaldu da”.
Gaurko agerraldian azokaren parte direnei eta berau antolatzea posible egiten duten denei eskerrak eman dizkiete: “Durangoko Azoka jende askok egiten du posible: sortzaileek, argitaletxeek, disketxeek, erakundeek, herri-mugimenduek, eta noski, baita kulturzaleek ere. Horiek guztiek betetzen dute Azoka kulturaz, energiaz. Horiek guztiek ereiten dute Azoka loratu ahal izateko hazia”.
Antolakuntzako zein erakunde publikoetako ordezkaritza zabala elkartu da goizean Landako gunean. “Kulturan beti izan dugu talentua eta olatu hori aprobetxatu behar dugu”, azpimarratu du Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Halaber, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak sortzaileen lana goraipatu du: “Gure sortzaileek euskara erabiltzen dute gure errealitatea, irudimena eta ametsak leuntzeko”.