Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibairen garaipenak aintzatetsi ditu
Athletic Clubek ere Urdaibai omenduko du barikuan; arraunlariek ohorezko sakea egingo dute Almeriaren aurkako partidua hasi aurretik.
Urdaibaik Eusko Label Ligan, Kontxan eta Euskadiko eta Bizkaiko traineru txapelketetan lortutako garaipenen ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo Urdaibaiko arraunlari, teknikari eta zuzendaritzako kideak hartu zituen atzo [urriak 3] arratsaldean Foru Jauregian, harrera ofiziala egiteko.
“Lortu duzuen garaipen bikoitza, Kontxa eta liga, oso gutxiren esku dago. Bakarrik lor dezakete une oro bikaintasunaren alde borrokatzen direnek, ez estropada batean, ezta denboraldi oso batean ere, urte askotan baizik”, adierazi zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek.
Urdaibairen “iraunkortasuna eta ardura” goraipatu zituen Etxanobek, baita ere “helburu batean zentratzeko eta taldean borrokatzeko duten gaitasuna”; bere ustez bi horiek “garaipena eta arrakasta baino garrantzitsuagoak” direla nabarmenduta.
Bizkaiaren izena gorenera eroateagatik eta arrauna sustatzen eta sortzen jarraitzeko egindako ahaleginagatik eskertu zuen taldea. Era berean, Bizkaiko traineru guztiak izan zituen gogoan, guztien ahalegina aitortuz.
Ohorezko sakea. Athletic Clubek ere Urdaibai omenduko du. Arraunlariek ohorezko sakea egingo dute San Mamesen, barikuan [urriak 6], 21:00etan, Almeriaren aurkako partidua hasi aurretik.