Gernika "modan dagoela" erakutsi dute
Jendetza erakarri du Gernikako Merkatari Elkartuak lehenengoz antolatutako moda desfileak. Balorazio "oso positiboa" egin dute, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu dute.
Udalerriko merkataritzari bultzada eman, eta bertoko establezimenduen eskaintza ezagutara emateko helburua bete du Gernika modan dago lelopean barikuan [irailak 29] egin zuten desfileak.
Naira Iturbe Gernikako Merkatari Elkartuak-en ordezkariak esan duenez, elkartetik egin dituzten kanpaina onenetarikoa izan da, “onena ez esatearren”, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa daukate.
Pozik daude, eta egindako lanagaz “oso gustura” geratu dira. Parte hartu zuten merkatariek zein herritarrek zoriondu dituzte: “Zoragarria izan zen, eta balorazioa oso ona da. Eta ez bakarrik gure aldetik, hori izan baita jendeak transmititu diguna, ondo egon zela, eta oso polita izan zela esan digu jendeak. Hori ez zaigu sekula pasatu. Jende piloa egon zen; Gernika hutsik egon zen, kale guztiak hutsik, bertan egon zen dena”.
Picasso kaleko oinezkoentzako gunean izan zen moda desfilea, eta lekuagaz asmatu dutela dio Iturbek: “Tokia aproposa izan zen; kokapenagatik, desfilea ikusteko altura desberdinak egon ziren, eta inor ez zen kexatu”.
Udalerriko 32 establezimendutako eskaintza erakutsi zuten, ehunka modelok, eta amaieran, establezimendu horietako jabeak ere atera ziren pasarelara: “Esaten genuen moduan, Gernika modan dago, eta desfile honegaz berriro modan jarri dugu, Gernikako dendak, eta Gernika bera. Eslogan horri benetako zentzua eman diogu”.
Ume, gazte zein helduak modelo lanetan aritu ziren, tartean zeuden Ross dantza eskolako partaideak, eta Ainhoa Etxebarria aktore eta kazetari ondarrutarrak eta Mitxel Santamaria aktore gernika-lumotarrak aurkeztu zuten ekitaldia: “Ross dantza eskolakoak zoragarri egon ziren, modelo profesionalak ziruditen. Era berean, aurkezleek euren lana oso ondo egin zuten, puntu xelebrea eman zioten desfileari. Denak oso gustura egon ziren. Modeloak ere gernikarrak izan ziren, eta eurek ere ikusi zuten zelako gauzak saltzen ditugun, eta erabili zituzten arropak erosiko zituztela komentatu zuten. Eta herritar batzuek esan digute ezagutzen ez zituzten denda asko egon zirela, eta desfileari esker ezagutu dituztela. Gainera, halako ikuskizunak herrian egitea ostalaritzari ere ondo etorri zaio, ostalaritzaren aldetik ere balorazioa oso ona izan da”.