Gernika-Lumoko udal arduradunei "ardura hartzeko" eskatu die LABek
Maiatzeko udal hauteskundeetatik, udaletxeko sailak arduradun politikorik barik daude eta Organismo Autonomoetako lehendakariak ere ez dira zehatzu. Hala, udaleko ohiko jarduera berreskuratzeko asmoz, "beharrezko neurriak hartzeko" eskatu die udal arduradun politikoei LABek.
LABeko kideek Gernika-Lumoko udal ordezkariei eskatu diete “ardura” hartzeko, maiatzeko udal hauteskundeetatik udaletxeko sailak arduradun politikorik barik daudelako, eta Organismo Autonomoetako lehendakaririk ere ez dagoelako.
“Denok dakigu uda ez dela oso hilabete eraginkorra, oporrak tartean daudelako, baina urrian sartu gara eta maiatzeko hauteskundeen osteko ekaineko udalbaltza hartan talde politiko batzuek hartutako erabakiek ez dute gobernu baten osaketa ekarri”, adierazi dute LABeko ordezkariek. Izan ere, Guztiontzako Herria herri plataformak eta EAJk akordioa lortu zuten udalbatzak eratzeko, baina oraindik ez dituzte sailetako arduradun politikoak eta Organismo Autonomoetako lehendakariak erabaki. Guzti horrek udal langileei zein herritarrei eragiten diela dio LABek: “Udal batzordeak, organismoetako juntak, prebentzio mahaia edota Negoziazio Mahaia geldi daude, eta hori ez da edonolakoa. Horrek udal langileoi, eta, orohar, herriari eragiten dio”.
Ondorioz, udaleko ohiko jarduera berreskuratzeko asmoz, “beharrezko neurriak hartzeko” eskatu die udal arduradun politikoei LABek: “Ardura eskatu gura diegu udal arduradun politikoei, bereziki, egoera hau sortu dutenei: har itzazue beharrezko erabakiak Gernika-Lumoko Udaleko ohiko jarduera berreskuratzeko”.
Gogoratu dutenez, LABek behin baino gehiagotan salatu zuen gobernuan zeuden bi talde politikoen arteko talkak zeukan eragina: “Aurreko agintaldian langikeria arloko gai ugari mahai gainean geratu ziren, bi taldeen artean zegoen komunikazio eta desadostasunagatik. Baina, hara! Hauteskundeen ostean, euren arteko akordioa berretsi eta lehen baino egoera txarragoan aurkitzen gara. Ez dakigu zeintzuk diren euren arteko akordioak, baina langile askok ez genuke ulertuko azken lau urteetan eman den blokeo eta euren arteko desadostasun egoera errepikatzea. Gernikarrok eta langileok merezi dugu neurriak hartzea, ez dugu gutxiago merezi”.