Mailako partaidetza eduki du Euskadiko Itsas Kayak Txapelketak
35 parte hartzaile aritu dira Elantxobe eta Lekeitio lotu dituen Euskadiko Txapelketan, kadete, senior eta beterano mailetan banatuta. Antolatzaileek balorazio "positiboa" egin dute.
Domekan [urriak 1] Euskadiko Itsas Kayak Txapelketa lehiatu zuten Elantxobe eta Lekeitio artean. Inguruko kayak arraunlaririk onenez gain, kanpotik etorritakoak ere aritu ziren lehiaketan. Guztira, 35 parte hartzaile eduki zituen K-1 eta K-2 ontziekin egin zuten lehiak,gizonezkoen nahiz emakumezkoen hiru kategoriatan banatuta: kadeteak, seniorrak eta beteranoak. Estropada, gainera, Euskadiko Itsas Kayak Kopako seigarren proba izan zen eta, ondorioz, txapelketa horretarako puntuagarria ere bai.
Lekeitioko Dzanga Piragua Taldeko antolatzaileak “asebeteta” agertu dira bai arraunlarien parte hartzeagaz, bai erakutsitako mailagaz: “Inguruko onenez gain, Santanderretik ere bost arraunlari etorri ziren; horrek erakusten du probak maila duela”. Aipagarria izan zen, era berean, Zumaiako Itxas-Gain Urola taldearen eksu hartzea; izan ere, hamasei arraunlari plazaratu zituzten txapelketara, eta emaitza onak poltsikoratu. Antolatzaileen arabera, parte hartzaileek ez zituzten itsas baldintza onenak eduki, arraunlariei “haizea eta olatuak gustatzen baitzaizkie”, baina maila erakutsi zuten. Gainera, beroa izan zen eguneko protagonista nagusia; eguzkiak gogor jo zien denei estropadak iraun artean. Edozelan ere, ez zen istripurik edo arazorik egon.
Kadete misto mailan, Itxas-Gain etxeko Asier Aizpurua eta Maddi Uzkudun nagusitu ziren. Talde horretako Xabat Bergara izan zen bizkorrena, gizonezkoen kadete K-1 mailan. Senior K-1 kategorian, ostera, Jonathan Rincon kantabriarra gailendu zen, Piraguismo Santander taldekoa. 50 urtetik beherako eta gorako beterano K-1 mailan, ostera, Itxas-Gaineko arraunlariek euren nagusitasuna berretsi zuten: Oier Aizpuruak eta Jose Maria Villagarciak irabazi zuten, hurrenez hurren. Emakumeen artean, Maite Etxabe izan zen bizkorrena 50 urtetik beherako beteranoen K-1 mailan, eta Cristina Iraeta, aldiz, 50 urtetik gorakoetan. Azkenik, Begoña Lazkano izan zen seniorren artean bizkorrena.
Errekorra, zain. Dzanga Piragua Taldetik azaldu dute “zenbait helburu” dituztela, etorkizunera begira. “Batetik, gutxienen kirol hau zabaldu gura dugu, eta jendeari parte hartzeko deialdia luzatzen diogu. Bestetik, eskualde mailan hauspotu gura dugu, oso gutxi baitira hura praktikatzen duten gazteak; txapelketa honetan, adibidez, ez da bertoko partaiderik egon. Azkenik, erronka legez, jendeari animatu gura dugu, Villagarcia zumaiarrak iaz ezarritako errekorra botatzen saia dadin; 56.37ko denbora egin zuen, eta aurten ez dute bota. Helmuga polita izan daiteke hurrengo urtera begira”.