Jon Koldo Bikandirena izan da ganadutegi onena Urriko Lehen Astelehenean
Eme gazte onena ere Bikandirena izan da. Behi onena, berriz, Juan Antonio Ustarrozena izan da; behi horrek jaso du hazia jartzen eme txapeldunaren saria. Dolaetxea elkartearena izan da ar txapelduna, eta gazte onena Leire Amundarainena. Guztira 85 abelburu eta 13 ganadutegi egon dira. Halaber, azokan 30 saltoki jarri dituzte.
Urriko Lehen Astelehena ospatu dute gaur Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez du hutsik egin, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 36. Txapelketa lehiatu dute.āDomekan egin zituzten epaileek lehen aukeraketak eta gaur erabaki dituzte sari nagusiak. Horiek horrela, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak Jon KoldoāBikandirenak izan dira, “euren homogeneotasunagatik”.
Ganadutegi onenaren sariaz gain, eme eta ar onenen sariak ere banatu dituzte, ohi legez, baina aurten, bi kategoria bereizi dituzte horietan: gazte eta heldu onena. Hala, arretan, txapeldun nagusia Dolaetxea elkartearena izan da, eta idizko gazte onenaren saria Orozkora joan da, Leire Amundarainen ganadutegira.
Bikandirena izan zen eme gazte onena atzokoan, eta behi onena, berriz, Juan Antonio Ustarrozena; horrez gain, Senosiaingo (Nafarroa) Ustarrozen behi horrek jaso du hazi jartzearen saria.
Aurtengo lehiaketan, 85 abelburu piriniotarrek parte hartu dute, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 13 ganadutegitakoak, denak ala denak “ederrak” epaileentzat. Hala ere, ganadutegi onena, Bikandirena izan da hirugarren urtez jarraian; lehenago ere irabazi du ganadutegi onenaren sari hori.
Ganadutegi onena aukeratzerako orduan, abeltzainen beteranotasuna eta produktuaren homogeneotasuna aitatu zituzten epaileek, “Bikandik marka propioa” daukala esanez. “Ezaugarri bereziak dituzte Bikandiren abelburuek, gainerako abeltzainenetatik bereizten dituztenak. Behi horiek erraz identifika daitezke: animalia ederrak dira, itxura dotorea dutenak eta oso gihartsuak direnak”, azaldu dute epaileek.
Jon Koldo Bikandi: “Asko inbertitzen dugu etxeko zekorretan, bai diru aldetik, bai denborari erreparatuta, eta beti probatzen ditugu zekor berriak”
Jon Koldo Bikandik adierazi du “lan asko” egitea dela saria jasotzearen gakoa. “Lehiaketara aurkezten ditugun behi guztiak etxean hezitakoak dira. Asko inbertitzen dugu etxeko zekorretan, bai diru aldetik, bai denborari erreparatuta, eta beti probatzen ditugu zekor berriak. Korta oso homogeneoa izaten ahalegintzen gara beti”, onartu du Bikandik, eta jasotako sariagaz “oso pozik” daudela onartu du Iurretakoak.
“Hamalau bider irabazi dugu dagoenerako lehiaketa, baina onartu behar dut aurten zalantza askorekin etorri garela. Behiak ondo etorri dira, lau lehenengo sari lortu ditugu hainbat kategoriatan, eta hori ez da erraza. Hiru bigarren sari ere jaso ditugu, baita behi gazterik onenaren saria ere. Oso pozik gaude“, adierazi du Bikandik.
Aurten iaz baino sari gutxiago jaso dituāIurretako ganadutegiak, iaz ganadutegi onenaren sariaz gain, ar eta eme onenaren sariak ere jaso zituelako: “Dena ezin da. Iazko ar onenaren saria ere jaso genuen, baina aurten iazko irabazlea hil egin behar izan dugu, bizkarrezurra apurtu zuelako.āAurtengoa, ondorioz, gaztea da oraindik”.
Dioenez, “zaila” da prestakuntza lan hori: “Prestaketa lan asko dago atzean. Lehiaketara datozenak beti prestatzen ditugu hobeto, baina istripuak pasatzen dira, eta behirik onena makal jar daiteke, edota zekorra hil. Behi berriak lehiaketara aurkeztea zaila da”.
Aurten, ar onenaren saria, Dolaetxe elkartearentzat izan da, eta arduradunek onartu dute saria jasotzea espero zutela, “zaila” izan arren: “Ar honekin esperantza geneukan, Nafarroan lehenengo saria jaso zuelako. Bagenekien hemen ere emaitza ona atera genezakeela. Iaz bigarren onena izan zen, eta auren lehenengoa.āAnimalia onak esperantza ematen du”.
Adierazi du “pozgarria” dela saria jasotzea, izan ere, ar onenaren saria “esanguratsua” dela uste du. “Lehiakide onak daude: zezenak kopuru aldetik gutxiago egoten dira, baina lehiaketara aurkezten direnak oso ondo prestatuta aurkezten dira, eta nahiko zaila izaten da sari hori irabaztea. Jendeak denbora asko eta prestaketa lan asko eskaintzen dizkie”, onartu du Dolaetxe elkartekoak.
Emeetan, Juan Antonio Ustarrozen nagusitu da, behi onena aurkeztu duelako eta hazi jartzearen eme txapeldunaren saria ere jaso duelako. Hain zuzen ere, emearen erditzeko gaitasuna, kumeak izateko erraztasuna eta amatasun gaitasuna nabarmendu dituzte Ustarrozen behietan.
Adarkada, atzo
Ezusteko batekin hasi zen domekan lehiaketa, izan ere, 18:30 aldera, abelburuak baloratzeko ekitaldia egiten ari zirela, zezen batek zaintzailearen laguntzaileari adarkada bat eman zion hura hesituta zegoen tokitik ateratzera joan zenean. Udaltzainak eta anbulantzia bat bertaratu ziren zauritua artatzeko, eta ospitalera eroan zuten. Urriko Lehen Asteleheneko azokako epaimahaiak bertan behera utzi zuen animaliak baloratzeko ekitaldia, bainaatzo esan zutenaren arabera, zauritua Ā«ondoĀ» dago, eta lehiaketa bertan behera ez uztea erabaki zuten.