Goitiak eta Bilbaok irabazi dute Ereñozarrera Igoera
Eguerdiko bero latzari aurre eginez, 44 korrikalarik lehiatu zuten 38. Ereñozarrera Igoera, atzo [urriak 1]. Aurten sortu duten Igoera Herrikoien Ligaren 3. proba puntuagarria izan zen, eta Javi Goitia gernika-lumotarrak eta Alluitz de Bilbao kortezubitarrak jantzi zituzten txapelak.
Julen Aranguena kortezubitarra eta Izaro Aranburu aulestiarra sailkatu ziren bigarren, eta Jone Oar-Arteta eta Paul Goitisolo gernika-lumotarrak hirugarren.
8 minutu eta 50 segundotan amaitu zuen Goitiak, eta harengandik 4 segundora ailegatu zen Aranguena, eta 15 segundora Goitisolo. Bilbaok 11 minutu eta 21 segundotan burutu zuen proba; 23 segundo atera zizkion Aranbururi, eta Oar-Artetak 12 minututan amaitu zuen.
Igoera Herrikoiaren Ligaren aurreko bi probak Natxituko Lapatzako Igoera eta Aulestiko Santa Eufemiako Igoera izan ziren, eta biak irabazi zituen Bilbaok. Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, Aitor Ajuria izan zen azkarrena Lapatzako Igoeran, eta Santa Eufemiakoan, ostera, Aranguena.
Ligaren egutegia bost probak osatzen dute (abuztutik abendura bitartean lehiatuko dituzte); Aixerrota Igoera (Gernika-Lumo) izango da hurrengoa, azaroaren 11n, eta abenduaren 6ko Kaltzadan Gora (Elantxobe) izango da azkenengo proba puntuagarria.