Indarrean dauden salbuespen politikak amaitzeko lan egingo du Sare Gernika-Lumok
'Etxeratzera' prozesu soziala abiatu du Sare Gernika-Lumok, etxeratzea helburu duen eta aktibazio soziala gauzatuko duen prozesu soziala. Momentu honetan lehen fasean daude, "eragileekin partekatze lanketa egiten".
“Zer zerikusi du kartzelak justiziarekin? Kartzelak ez dira justizia leku izaten, ez presoarentzat, ez inorentzat. Diskurtso nagusiak berreziketaz eta bergizarteratzeaz mintzo diren arren, kartzelan ez dago gizalegerik, baizik degradazioa eta miña. Kartzelak biolentzia fisikoa eta psikikoa erabiltzeaz gainera, sari eta zigor sisteman harrapatutako presoen arteko biolentzia eragiten du. Instituzio legez, justizia betetzeko aitzakiarekin, injustizia produzitzen du neurriz gain, eta ez zentzu moralean bakarrik, ilegaltasunak ere ugari babesten ditu”. Josu Martinezen Tunelak, izara, mozorroak eta bafleak liburutik berba horiek irakurriz hasi zuten atzo [irailak 29], Sare Gernika-Lumoren ikasturte hasierako aurkezpena. Dispertsio politika amaitu bada ere, gainerako salbuespen politikak indarrean jarraitzen dutela azpimarratu zuten, eta horiek amaitzeko lan egingo dutela esan zuten.
Liburuak jasotzen du presoen sufrimendua “anekdotikoa” dela iritzi publikoarentzat, eta egoera hori nabarmendu gura izan zuten aurkezpenaren hasieran: “Kondenatuak dira errudunak biktima direnean ere. Kartzelako gertaerarik larrienak gutxitan ematen du prentsako titularra egun baterako baino gehiago. Jendea desinteresatu egiten da presoen sufrimenduaz, Palestinako jende xumearen sufrimenduaz edota kaleko jende baztertuaz, ia ez ikusteraino. Ikusgarritasun urriko jendea dira presoak, are gehiago lehen gradukoak, deskuidatuz gero, medikuak ere ezin izango baititu ikusi”.
Sare Gernika-Lumoko kideek, baina, lehen lerrora eramaten dute presoen errealitatea, eta zeregin horrekin jarraituko dute. Hain zuzen ere, urritik urtarrilera bitarteko ekimenak eta lan lerroak plazaratu zituzten. “Badirudi orain dela asko izan dela, baina urteetan pairatu izan dugun errealitatea izan da dispertsio politika, eta gainditzeko gaitasuna eduki dugu. Egoera berri horretan, testuinguru berezi edo ezberdin batean kokatzen gara, baina ez dugu ahaztu behar, dispertsio politika amaitu bada ere, gainerako salbuespen politikek indarrean jarraitzen dutela, eta horiek amiatzearen beharra dagoela”, esan zuten.
Horrez gain, etxeratze prozesua konponbide klabeetan areagotu bada ere, gatazkaren ondorio batzuek (euskal preso, iheslari eta deportatuen existentzia, besteak beste) bere horretan dirautela gogoratu zuten. Eta Etxerat elkarteak azken asteetan jakinarazitako datuak eman zituzten. Izan ere, gaur gaurkoz, 150 euskal preso, 17 iheslari eta 5 deportatu daude. “Egoera lazgarrietan bizi dira, eta beraz, konponbiderako bidean, aurrerapausoak ematea dagokigu. Lan asko dago egiteke”, adierazi zuten.
Sarek etxeratzea helburu duen aktibazio soziala sustatzeko kanpaina berri bat abiatuko du, urrian iragarriko duena, eta dinamika horren helmugetariko bat izango da urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan antolatuko duen mobilizazio orokorra.
Horren harira, Sare Gernika-Lumok Etxeratzera prozesu soziala abiatu du, etxeratzea helburu duen aktibazio soziala gauzatuko duen prozesu soziala, eta momentu honetan, lehen fasean daude. “Sozializazio eta partekatze lanketa egiten ari gara udalerriko hainbat eragile eta norbanakorekin. Gure egitekoa indarrean jartzen saiatuko gara”.
Data zehatzak.
Azken hilabeteetan eragile, elkarte eta norbanako ezberdinekin harremanetan jarri da Sare, eta horretan jarraituko du, baina zenbait data marraztu ditu urritik urtarrilera bitartean gauzatzeko. Urriaren 21ean, esaterako, Sare nazionalak bere kanpaina aurkeztuko du Gernika-Lumon, eta ekitaldi baten bidez egingo du hori. “Guri zuzenean eragiten digunez, erronkak eskatzen duen ardura eta beharra aintzat hartzen ditugu”, onartu dute Sareko kideek.
Horrez gain, azaroaren 30erako greba orokor feminista deituta dago, eta Sarek emakumeari eta kartzelari buruzko errealitatea plazaratzeko lan egingo du. Jakinarazi dute, gainera, Sare On irratsaioaren bosgarren denboraldia abiatuko dutela Biztu Irratian.
Ohi legez, abenduaren 31n mobilizazioa egingo dutela ere gehitu zuten: “Arlo instituzionaleko lanketa ere egingo dugu garai honetan, urtero legez. Halaber, partaideak garen eragileetako jarduna ere gurea egingo dugu: Astra eta Gernika Memoriaren Lekuko”.