Bizitza, gordinean eta ederrean
Busturialdeko Alkoholiko Anonimoek eta Al-Anon familia elkarteak alkoholismoari buruzko solasaldi irekia egingo dute urriaren 7an, 17:30ean hasita, Elai Alai Aretoan.
Gezurrezko istorio bat. Horixe omen zen bizitza Busturialdeko Alkoholiko Anonimo taldeko kideentzat. “Iruzurrezko bizitza; merezi ez zuen zerbait”. Argi izpi bat ilunetan edota ur tanta basamortuan bezala, AA taldea ezagutu zuten. “Salbazio moduko bat izan zen”, dio partaideetako batek. “Ipuin baten antzeko zer edo zer”, beste batek. “Liberazio bat, berjaiotze bat”, gehitu hirugarren batek.
40 urte inguru daramatza Busturialdeko taldeak alkoholagaz arazoak dituen jendea elkartzen, euren arteko sarea ehuntzen eta giza gatazka horri, eskualde mailatik, konponbidea ematen. Astelehenetan eta eguenetan 19:00etan elkartzen dira, bi orduz, Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren eraikin zaharrean. Zapatuetan eta jai egunetan, aldiz, 18:00etan. Ez dago kale egiten duten asterik. Ezin da kale egiteko asterik egon.
Hogei lagun inguruko taldea da Busturialdekoa, “kolore denetako profilekin, baina arazo beraren adibide askogaz”. Hamabi urratseko programazioa jarraitzen dute, helburu argiekin: “Nortzuk garen ezagutzea; gertatzen zaigunari aurpegia erakustea; gu legez, taldera sufritzen eta lotsaz sartzen dena artatzea; eta, zelan ez, bidean sortutako oinaze guztia ahal bezainbeste erreparatzea”.
Alkoholismoa, izan ere, ez da edalearen gatazka soilik. Bere eragin esparrua zabala da: familia, adiskide sarea, erlazio sentimentalak, lanekoak… “Benetan gura izan gabe kalteturiko biktimen zerrenda luzea da, eta eurek ere konponbidea merezi dute”, diote. Jomuga hori du Busturialdeko Al-Anon elkarteak. AAetan dauden pertsonen senideek eta lagunek osatzen dute sare hori. Bakearen Museo alboko Maria Agirre aretoan ematen diote elkarri babesa hango kideek.
Bi taldeek literatura asko erabiltzen dute euren talde bileretan: AAek, alkoholagaz arazoa duen norbanakoari aplikatutakoa; Al-Anonekoek, norbanako horren inguruan bizi denari zuzendutakoa. Aipatutako hamabi urratsak, hain zuzen ere, euren ikuspuntura egokituta lantzen dituzte. Familia taldeko ordezkariek diote “oasi antzeko bat” direla senideen bilerok: “Batetik, arazo hori hor kanpoan, kalean, egon badagoela ikusarazten dizute bilerek, hau da, ez zarela bakarra; bestetik, edalea ulertzen laguntzen dizute. Alkoholismoa ez da jarrera bat, ez da hautu bat: gaixotasun bat da. Adikzio hori daukan edozeini lagundu ahal izateko, ezinbestean hori ulertu behar da lehendabizi”.
Al-Anon elkarteko kidea: “Alkoholismoaren txanponak aurpegi asko ditu; herrilotsa horietako bat da”
AAek badute euren lanketan baldintza bat: prozesua euren kabuz egitea. Bidean ez dute kanpo laguntza soziosanitariorik edo profesionalik baliatzen. “Gure bizipenak elkarbanatuz eta batak besteari babesa emanez funtzionatzen dugu. Taldean ez dago ez medikurik, ez psikiatrarik, ezta psikologorik ere. Pertsona berri bat dinamikara datorrenean, esaterako, guk geuk egiten dugu haren egokitzapen lana; zelan edo halan, bere mailara jaisten gara, iraganeko geure burua bere egoeran oroitzen baitugu. Hori da AAen sorreratik nabarmendu den lanerako modua, horrek egiten digu onurarik handiena”. Talde biek amankomunean duten ardatz nagusietako bat anonimotasuna da. “Sozialki bizi behar dugun auzolotsa alkoholikook nahiz hurrekoek pairatzen dugu; alkoholismoaren txanponak aurpegi asko ditu, eta herrilotsa horietako bat da”.
Gizarte estigmatizatzailea. Auzolotsa da bai AAetako, bai Al-Anon elkarteko kideen kezkarik esanguratsuenetako bat: jendeak, alkoholerako joera duena seinalatu egiten du, gaixoa dela ulertu ordez. “Eta seinalatzeko modu asko daude”. Estigmatizazioa, partaideetako batek azaldu legez, hauspotu egiten da emakumeen kasuan: «Ni alkoholikoa izatea, emakumea izanda, sozialki ez dago ondo ikusita. Bizioa edo ohitura txarrak ditudala pentsatzen du jendarteak; ez, ostera, gaixorik nagoela”.
Euskal Herria eta Busturialdea, tokian tokikora mugatuta, “eremu oso txikia” dela diote, eta herritarren arteko hurrekotasun horrek, hain zuzen ere, diskriminaziorako osagai guztiak biltzen dituela: “Hemen, herrian, denok edo ia denok elkarren berri dugu, eta mingarriak dira jarrera jakin batzuek sortzen dituzten zeharkako epaiak. Batzuetan, begirada soil bat nahikoa da, adikzioa duen pertsonari edota bere ingurukoei mina eragiteko. Hori dela eta da hain garrantzitsua anonimotasunaren printzipioa zorroztasunez errespetatzea“.
AAko kidea: “Argi dut gaixotasun hau nire azken hatsera arte garraio eroango dudala”
Euren errealitatea “den bezala” onartzen dute. Horixe omen da lehen urratsa. “Nik argi dut bizi naizen artean terapia mota hau beharko dudala edo, bestela esanda, gaixotasun hau nire azken hatsera arte garraio eroango dudala. Ez dut esan gura behin betiko konponbiderik ez dagoenik, kasuak hortxe baitaude; baina, neuri dagokidanez, ezin dut lanketa hau albo batera utzi, ezingo nioke eutsi nire gatazkari”, argitu du kideetako batek.
Gatazka horren beste ertzetako bat onarpena da: bizitzak kolpe latzegia eman orduko, barne arazoa detektatzea, onartzea eta hari aurre egiteko prest egotea. Partaideetako baten arabera, “etimologian dago gakoa”: “Adikzio berbak bere oinarri semantikoan esklabutza esan gura duela kargutzean, alkoholaren morroi zarela konturatzen zara. Arazoa da hori gertatu orduko, sarritan, bizitzak jada jipoia emana dizula. Behin hori gertatuta, kolpearen errelatoa kolektiboa dela ikusten duzu; besteen sufrikarioa ere zeure egiten duzu. Orduantxe hasten zara esklabu izateari uzteko bidea ikusten. Norbere buruari eta ingurukoei laguntzen hasteko modu bakarra horixe da”.
AAko kidea: “Urratsik esanguratsuena, nire ustez, hartu-eman toxikoak albo batera uztea da
Kontsumoa bat-batean eteteak, terapian lantzen dituzten alderdiez gain, egunean-egunean eraitsi beharreko hormak ere baditu beregain. AA “berriro bizitzen ikasteko filosofia” da, baina biziberritze hori “gauzatxo txiki eta ez hain txikietatik abiatuta” egin behar dela nabarmendu du kide batek: “Urratsik esanguratsuena, nire ustez, hartu-eman toxikoak albo batera uztea da, hau da, zeure bizitza beste jende baten inguruan eraikiko duzula kontzienteki erabakitzea”.
Habitatak ere eragin itzela du: “Behin garbitze bidea hasita, iraganean zaharrentzako tabernak zirela uste nuen haietara joateari ekin nion. Kafea, kopa eta zigarroa hartu ordez, kafea bere horretan hartzen hasi nintzen. Orain, pertsona pozoitsuz inguratu barik, irakurri egiten dut, isiltasunaz gozatu, eta benetan on egiten didan jendeagaz harremandu. Eguneroko keinuotan ahalegindu ezean, ezinezkoa da guztiz”.
AAko kidea: “Beharrezkoa da konstantzia izatea eta epe laburreko helburuak edukitzea. Egunez egun bizitzen ikasi behar izan dut”
Beraz, terapia erregulartasunez egiten dute, jarraipena “giltzarri” baita. Horren erakusle, euretako batek dio ebakuntza bat egin behar izan ziotenean “antzinako mamuak” bisitan joan zitzaizkiola: “Sasoi batez ezin izan nintzen joan saioetara, eta buru zein gorputz aldetik igarri egin nuen; terapia orduko pentsamenduak zetorzkidan burura aldi hartan. Horregatik da beharrezkoa konstantzia izatea eta epe laburreko helburuak edukitzea. Nik, gaur-gaurkoz, argi dut egunari geratzen zaizkion orduetan ez dudala tantarik edango. Bihar, ez dakit. Biharkoa beste kontu bat da. Egunez egun bizitzen ikasi behar izan dut”.
Frogatuta dago adikzio ororen jatorri neurobiologikoa garuneko gune berean sortzen dela. Estimulua modu bertsuan sortzen denez, “berdin dio adikzio iturriak zeintzuk diren”. Beste berba batez: “Pareko arazoa dute alkohol, droga, tabako, ludopatia zein gehiegizko janerako joera daukatenek”. Edozelan ere, azaldu dute adikziorako langai horiek, sarri, euren artean txirikordatu egiten direla.
Partaideetako batek, alkoholaz gain, bestelako drogekin eta jokoagaz arazoak zituen. AA laino beltzok uxatzeko bidea izan zen. “Edatea eta tabako kontsumoa eskutik doaz. Baina edariari epe luzez eusteko, speeda moduko droga sintetikoak ere agertzen zaizkizu. Horri guztiorri, gainera, ludopatia moduko aizto zorrotz bat gehitu behar diozu. Funtsean, terapian topatu nuen kate denetatik askatzeko bidea”.
AAko kidea: “Zeure buruari edo ingurukoei sufriarazten badiezu, alkohola ez da aukera bat: edale problematikoa zara”
Edale sozial eta edale problematiko terminoak erabili ohi dituzte terapietan. Boteprontora bien arteko atalaseak ia ikusezin dirudien arren, bada kontzeptuok bereizten dituen faktore bat: sufrimendua. “Zeure buruari edo ingurukoei sufriarazten badiezu, alkohola ez da aukera bat: edale problematikoa zara. Gainontzeko guztia aitzakiak baino ez dira”.
Herriak jakin dezan. Biltzeko erabiltzen dituzten geletatik atera, eta Busturialdeko AAek eta Al-Anonek alkoholismoaren gatazka publiko egingo dute urriaren 7an. Elai-Alai Aretoan hitzaldia eta tertulia irekia egingo dituzte, 17:30ean. Bertan egongo dira, gainera, Felipe Diez Blanco medikua, Iranzu Gonzalez Llona psikiatra eta Maider Altonaga gizarte langilea. “Gizartea jipoitzen duen arazo horren berri eman gura dugu, eta guztiak daude gonbidatuta. Era berean, alkoholerako joera duen edonork jakin ahalko du badela zama hori atzean uzteko modurik, eta eskualdeko lantaldea ezagutuko du”.
AAko kidea: “Iraganeko neure buruari, beldurrak ahazteko eta bizitzen ikasten hasteko unea dela esango nioke”
AAetara sartu ala ez zalantzan zegoen iraganeko euren buruari zer esango liokeen galdetuta, denetariko erantzunak dituzte. “Nik ez nuen oso kontzienteki egin, familiaren akuiluz baino; eurei eskerrak emango nizkieke, inoizko mesederik handiena egitearren”, dio euretako batek. “Beldurrik ez izateko”, besteak. «Beldurrak ahazteko eta bizitzen ikasten hasteko unea dela esango nioke. Bizitzak, bere gordinenean ere, uste baino gehiago duelako ederretik”.
Alkoholiko Anonimoak 1935ean sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetan. Alkoholerako joera zuten pertsona bik jo zuten horri aurre egiteko modu horregaz: historiak Bill W ezizenez gogoratu duen William Griffith Wilsonek eta Dr. Bob bezala ezaguna den Robert Holbrook Smithek.
Terapiaren oinarria ia-ia serendipia izan zen. Alkoholagaz zuten arazoaren jakitun, Wilson eta Smith berba egiteko eta batak besteari bizipenak kontatzeko biltzen hasi ziren. Denboraren poderioz kargutu ziren hitz egiten zuten artean ez zutela alkoholik kontsumitzen. Bilerok kontsumotik aldentzeko bide zirela konturatuta sortu zuten elkartea. Funtzionamendurako moldeak zehazterakoan, sustraietara jo zuten sortzaileek: adikzioa mediku asistentzia barik, elkar lagunduz eta modu autonomoan utzi behar da atzean. Egun, AAen talde denetan modu horrexetara egiten dute behar.